Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Urriaren 23a
Urrunaga elkartearen oharra - Tripotxak - Hitzaldia - Erdi Aroko borrokaldi antzeztua - Street Art besta Bixikinean - Gau Beltza - Bixikinea parke publikoa - Bidexka hondakin lurperatze zentroa
Urrunaga elkartearen oharra
Urrunaga elkarteak jakinarazi digunez, jadanik prestatzen ari dira urtero abendurako egiten dituzten kultur ekimenak. Alde batetik, Loraldiberri liburu eta disko azoka, aurten azaroaren 30ean plazan eginen dutena. Azoka honetara Lapurdiko hamar bat argitaletxe eta elkarte hurbiltzen dira haien ekoizpenak erakustera eta saltzera. Hor izaten dira: Elkar, Maiatz, Zortziko, Dakit, Gatuzain, Hatsaren Poesia, Lapurdi 1609, Maita Kultura, Urruñako antzerki eskola, Herria, Biarte, Alberdania, Ipar Euskal Herriko Hitza, Urrunaga… eta beste zenbait ekoizle. Aukera polita izaten da urruñarrok Olentzerorako opariak eros ditzagun. Ekitaldi hau Urrunaga elkarteak Berttoli elkartearen laguntza baliosaz antolatzen du. Beste aldetik, “Urruña kultur aldizkaria” dugu, urtean behin plazaratzen dutena. Aurten zazpigarren zenbakia aurkeztu eta salduko dute azaroaren 30ean, Loraldiberri azokan. Erran digutenez, aurtengo zenbakia lodi, naro eta aberatsa dator, 170 orrialderekin, denak kolorez, eta gehien-gehiena euskaraz. Gero eta gehiago dira aldizkarira kolaborazioak igortzen dituzten urruñarrak, eta hori dela eta, Urrunaga elkartekoek bozkarioz begiratzen diote euskararen geroari. Aldizkarian honako atalak jorratzen dituzte: ama-lurra, historia, euskal kultura, gizartea eta literatura. Aldizkari hau urruñarrek eta urruñarrentzat egina da.
Tripotxak Jondoni Martiriren kari
Biziki usaia zaharra da Lapurdiko zenbait herritan, Jondoni Martiriren kari, tripotxak jatea. Bidasoa aldeko herrietan oraindik bizi-bizirik dago: Biriatun, Azkainen, Urruñan… Pausuko Xaia ostatuan urtero tripotx jatea prestatzen dute, inguruetako herritar anitz erakartzen duena. Aurten, azaroaren 7an ostiralez (20:00), eta Bakalau elkarteak antolaturik eginen dute, eta Brililiak taldeak animaturik. Prezioa: 30 euro. Izen-ematea: 05-47-75-07-02.
Hitzaldia: berdintasuna kirolean
Herrikoemazteen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko batzordeak Idoia Rodriguez Mondragonen hitzaldia antolatu du urriaren 23an, ostegunarekin (18:30), Posta gelan emanen dena. Deneri idekia eta sarrera doan. Hitzaldiak, historian zehar nola emaztea kirol mundutik kanpo gelditu den agerian uzten du. Ororen buru, hitzaldi honek, kirolean, eskoletatik federazioetara, berdintasuna,erronka sozial eta politiko nagusia den heinean,nola planteatzen den gogoetatzera gomitatzen gaitu.
Erdi Aroko borrokaldi antzeztua
Hilaren 25ean, larunbatez, eta Urtubiko gazteluan, Erdi Aroko borrokaldia antzeztuko dute (10:30-17:45). Sartzea: 9,50 euro.
Street Art besta Bixikinean
Hilaren 18an, larunbatez, eta XabXabek antolaturik, Steet Art inguruko besta izan zen, eta horren ondotik gaztetxea idekia izan zen, gazte giro ederra piztuz.
Gau Beltza prestatzen ari
Aurten, Gau Beltza hilaren 31n, ostiralez, ospatuko dute herrian eta jadanik antolatzen ari direla jakin dugu. Has gaitezen gure jantziak eta kuiak prestatzen!
Bixikinea parke publikoa
Bixikeneko eremuan arterako instalakuntzak ezarri dituzte, kolektibo ezberdinek ekitaldiak antola ditzaten. Kirol guneak ere ezarri dira: zango-baloi zelaia, petanka lekua, ping-ponga, babyfoota eta abar. Hau dena ekainaren 29tik, orduan ate idekitze publikoa egin baitzuten, zabalik daude urruñarren zerbitzurako. Bixikinera ongi eta ziur joan ahal izateko, herriak bidea argitu du eta oinezko eta txirrindulariendako egokitu du.
Bidexka hondakin lurperatze zentroa
Urtarrilean Teilatubaitako zulo handi batean, Bidexka lurperatze zentro teknikoa ideki zuten, eta orduz geroztik lanean ari dira obra publikoetatik sortzen diren hondakin geldoak biltzen eta lurperatzen. Bilketa lana Bil Ta Garbi sindikatuak eta estatuak gainbegiratzen eta kontrolatzen dute. Bidexka gunean, 40.000m3 lurpera daitezke, hau da, 70.000 tona hondakin urtean.











