Euskal diaspora | 2025eko Urriaren 23a

Tandilen 2025eko Argentinako Euskal Aste Nazionala... Valentzian euskal adimen artifiziala

Joseba Etxarri

VALENTZIAko Euskal Etxean bildurik, Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleek adimen artifizialaren erabilera euskararen irakaskuntzan jorratu dute, besteak beste, joan den asteburuan
VALENTZIAko%20Euskal%20Etxean%20bildurik_%20Europako%20Euskal%20Etxeetako%20euskara%20irakasleek%20adimen%20artifizialaren%20erabilera%20euskararen%20irakaskuntzan%20jorratu%20dute_%20besteak%20beste_%20joan%20den%20asteburuan

TANDIL, ARGENTINA. Buenos Aires probintziako Tandil herria izango da heldu den igandetik aitzina eta astebetez 2025eko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren egoitza. Bertako Gure Txoko Euskal Etxea antolatzaile, gogor arizan dira lanean azken urte huntan ahal eta elkarretaratze eta ospakizunik ederrena atera zedin, proposamen berriak ekarriz eta urrats berriak eman nahirik Aste Nazional bat muntatzeko tenorean. Pio Baroja idazle donostiarra hartu dute ardatz, eta hark idatzi “Zalakain abenturazalea” liburuak inspiratu ditu, batetik, dantza alorrean, Argentina osoko eta Uruguaiko dantza taldeak partaide herriko anfiteatroan larunbat gauean eskainiko duten “Martin Zalakain” ikuskizun berezia prestatzen. Bertako dantzariekin bat eginez. Donostiatik ere, eta Urbeltz eta Argia taldeari lotu dantza munduan eskarmentu handiko zortzi kideko (lau dantza-maisu eta lau musikari) talde bat bildu dute, guzia aurten emaitza berritu eta urrats-emailea aurkezteko ahaleginpean. Gauza ederra, lehenengo aldiz Xiberoko talde bat Argentinara bidaiatu eta hartuko du parte Tandilen, “Aintzindariak” izenpean, Jean Bordachar buru. Musika alorrean, Zetak izango da Euskal Herriko gonbidatu potoloena, Idoia Asurmendi kantari arabarrarekin batera. Argi da alimaleko lana hartu dutela aitzinamendu eta berritasun marka bat ekartzeko aurtengo edizioari.

Programak, bestenaz, heldu den igande arratsaldean ukanen du lehenengo plazaratzea Euskal Etxean, aurkezpen bat, pilota partidak eta afari bat eginik. Ondotik astean barna osagai izanen dira mus txapelketa, Mauricio Kaperotxipi artistaren erakusketa bat, “Las alas de Pakita” eta Isidro Legarretaren memorien liburu aurkezpenak, egun guziz Tandilen turismo ibilbide eskaintza, solasaldia euskal dantza tradizionalak eta generoari buruz (Eibarko Oier Araolaza eta bertako Gabriela Gallesekin), Sagardotegi Gaua, EHtik jinik den Jasoka herri-kirol taldekoen erakustaldiak, dantza-tailer, hitzaldi, argazki-erakusketa, DOAren (Diasporako Orkestra Argentinarra) emanaldiak, FEVA argentinar euskal federazioaren bilkura, EEtako liburuzainen elkarretaratze nazionala, errepikak... eta larunbatean, arratsalde nagusia, Mintzodromoarekin, Ainara Maiaren “Hautsaren poesia” liburua aurkezpena, Euskal Etxetako abesbatzen topaketa, kalejira, Danborrada eta “Martin Zalakain” ikuskizuna anfiteatroan herrialde osoko dantza taldeak partaide, aurtengo apustu berritzaile landuaren estreinaldian. Ondoren afaria Euskal Etxean, erromeria DOArekin, eta kontzertua Zetak-ekin. Igandean, plaza dantza erakustaldia eta herri bazkaria, literatura eta bestelako lehiaketen sariak emanez. Euskal Herritik, Euskal Argentinakoek bertan izanen direla erran digute.

ADIMEN ARTIFIZALA. Eta labur aipaturik: joan den asteburuan, urteroko bilkura egin dute Valentzian Europako Euskal Etxeetan euskara irakasle direnek, Etxepare Euskal Institutua eta Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea antolatzaile. Londres eta Berlingoek azken mementuan kale egin, eta aurten bildu dira, Bordeleko, Pariseko, Bartzelonako, Madrilgo, Valladolideko eta Valentziako euskal etxeetako euskara irakasleak, Etxepareko Kinku Zinkunegi koordinatzaile. HERRIA heiekin mintzatu da, eta zinez interesgarria aitortu dute topaketa, urteroko esperientzia eta iritzi-trukeez gain, ikastaro-tailer labur bat jaso baitute, Egoitz Etxeandiak emana, “adimen artifizialak hizkuntzen irakaskuntzan eta euskararen ahalduntzean duen eragina” aztertuz, adimen artifizialak euskararen irakaskuntzari ematen dizkion aukera aplikatuak landuz. Aitzina!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3806. zbk

Gure Hitza | 2025/10/23

Motibatu!

Menane Oxandabaratz

Borroka sozialak, migratzaileen eta paperik gabekoen aldeko sustengu ekitaldiak, espekulazioaren kontrako mobilizazioak, euskararen aldeko ekintzak, genero berdintasunaren aldeko aldarrikapenak... Nazioartean eta hemen berean, gai hauen inguruan jende batzuk mobilizatzen dira. Hartuak diren erabaki politiko batzuen kontra altxatzen dira. Ondorioz militante batzuk arrastatuak, auziperatuak eta kondenatuak dira.

Kezka berriak agertu dira. Garaian ingurumenaren etorkizuna ez bazen premiazko puntuetan, gaur egun denen buruetan da. Lurraren defentsa, justizia soziala eta aberastasunaren banaketa aspaldiko urteetako aldarrikapenak beti aktualitatean dira.

Erabaki politiko batzuen kontra militante batzuk biltzen dira, ekintzak antolatzen dituzte. Horretarako kolektiboak muntatu dira, baliabide berriak ere sortu dira. Internetek lagundu du gertakari eta erabaki politiko batzuen inguruan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016