Orotarik | 2025eko Urriaren 23a
Kukumarro
Xarles Videgain
Behia eta ergia (1/2)
Kabalek, abereek, izen anitz hartzen dituzte, ardietan, urdeetan, zaldietan bainan behikentea da hemen aipatuko duguna. Adina, sexua, hortzak ezartzea eta noiz, umea ekartzea edo ez, hutsa izatea, zahartzea, txitxirako, lanerako edo esnerako hazia izatea, horiek guziek badute pizu kabal baten izendatzeko. Nahiz ez den ene jakitatean sartzen, mailegatzen ahal diot Rene Thom matematikalariari hitz bat, hots "katastrofa" hitza, ezen berak hazi duen teorian, usaiako gertakariak edo istripuz agitzen direnak katastrofa deitzen ditu, hala nola behi bat ernari izatea, antzu izatea, mando izatea baina sortzea bera katastrofatzat hartzen du Thomen teoria honek!
Lehenik badira mintzatzeko manerak behia aipatzen dutenak, lehenik Oihenart idazleak dioena: “Neure behiti esne, guri eta gazna athera nezan, eta neure xahala gal nezan”. Erran nahi baita: “ez zaio behiari dena bet-betan anitz eta sobera galdegin behar zeren eta ondorio gaiztoak baititu; xahala hiltzen da”.
Bekaizkeriaz edo jeloskeriaz ere behia aipatzen da: “Atzearen behiak erroa handi”. Hots iduri luke kanpoan dena hobeki dela etxean baino. Eta azkenean ezjakintasunaz trufatzeko erraiten da, “Jeisten eztakienarentzat, behi guziak dira antzuak”.
Goazen behikenteen abereak nola deitzen diren ikustera. Behien taldea behitalde, betalde, behisamalda da. Erdi bada behia, ttipia urriza deitzen da edo kotxo, ordots edo orots. Iparraldeko eremu gehienetan arra ez da erraiten behikentean, oilarra bai edo landare arra bai baina zezena kotxo edo ordotsa da. Behia urriza da, ez da eme erraiten. Bestaldean emea diote urriza baino gehiago. Eta hemen urriza bakarrik kabaletan erraiten da, ez balin bada arrunt eta oies izan nahi norbaitez erraiten delarik.
Bidenabar zezena aipatu dut eta Euskal Herri guzian ez da erraiten. Bizkaian zezena deitzen da bakarrik zezenplazetako lasterketan toreroa harrapatu nahian dabilen animalea. Aldiz laborantzan eta hazkuntzan zezena idisko deitzen dute, nahiz guretako idi zikiratua den. Leku batzuetan paradako zezena du izena ere, parada baita behiaren estalarazteko lekua.
Utz dezagun zezena: xikitatzen balin bada edo kapatzen edo kherestatzen edo irentzen ordots gaztea, orduan idia atxikitzen da. Idia Euskal Herri guzian erraiten da nahiz idi gabe iri deitzen den Gipuzkoan bereziki.
Behiak egiten duen ume gaztea xahal edo aretxe da. Aretxea, Baxe Nafarroan eta Lapurdin, xahala edo txahala bereziki Gipuzkoan, Bizkaian eta Zuberoan. Nafarroan bietarik. Nik uste leku gehienetan xahala, aretxea bezala, urriza ala ordots izaiten dela.
Urriza balin bada, Iparralde osoan kasik, gero biga edo miga deitzen da, bigantxa biziki gazte delarik edo ttipi edo txar. Migak ontsalaz ez du umerik ekarri behar behitu arte. Bizkaieraz binga, birintxe, biga diote. Bada beste hitz bat Baigorrin eta Garazi aldean entzun dudana atlasaren inkestagile gisa lan egiten nuelarik. Hitz hori bilarrozi, bilarrauzi da. Jakin nahi nuke hitzak ba ote duen hedadurarik egungo egunean. Nik bilarrozia urriza dela hartua nuen, baina hiztegien arabera kotxo ere izaiten ahal da. Bestalde, Gipuzkoan kasu, miga erran gabe urrusa deitzen da eta urrusa hori bakarrik behiaren ume emea da, ez da zoinahi urriza guretako bezala.
Ume ttipia kotxo balin bada ergia deitzen da. Ttipia delarik ergillota. Ez dakit zergatik hitz hori ez den anitzetan entzuten. Alta jende izenetan badaude Ergi eta Dergi familiak. Duvoisin idazleak ergia aipatzen du: “Ergiei hamar hilabethetan heldu zaizkote lehenbiziko aintzineko hortzak”. Zezengei deitzen da zezen gisa begiratzen dena. Bere organoak ez baditu ongi eginak barreta, barrasaketa, xixklo edo batekilakoa da.
(Segida heldu den astean)












