Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Urriaren 23a

Biltzar publikoa - Pilota

Biltzar publikoa

Uztaritze Bai elkarteak biltzar publikoa egin du joan den ortzirale arratsaldean Lapurdi gelan, 60 bat lagun hurbildu direla. Elkartea 2014an sortua da; funtzionamendua eta diru egoera aipatu dira lehenik. Bainan helburu nagusiena zen 2020az geroztik Herriko Etxeak ereman dituen obren aurkezpena, lehenik bideen sailean: Super U ondoko biribilgunea (departamenduarekin), Hiribehere karrika, 350 erregebidea eta Arruntzako plazaren berrantolaketa (aitzinatzen ari dena); herriko bide gehienetan autoen abiadurak mugatzeko ezarriak izan dira sigi-sagak eta asto bizkarrak. Sozial maila aipatu da ondotik, lur eremu batzuen saltzeak (Guadalupe eta Leihorrondon) lantegi gune batzuen sortzeko eta eraikuntzak, bereziki mediateka berria itxura hartzen ari dena; horiek denak Bruno Carrère auzapezak aurkezturik. Ondotik Piero Rouget auzapezgorako hautagai berriak aurkeztu ditu heldu den hauteskundeen ondotik ikusten dituen proiektuen ardatz nagusiak, herri dinamiko batean lan eginez, uztariztarren lokarriak josiz eta indartuz. Etorri da gero hautagaien zerrendaren agertzea, 30 bat beti bezala, orainartekoetarik multzo bat segitzeko asmotan dela eta sarraraziz aurpegi gazte berri anitz, gizon eta emazte kopuru berean. Herriko auzo guziak ordezkatuak izanen dira. Zerrenda hori berantago agertuko da hemen. Azaroaren 15ean beste bilkura bat eginen da hautagai guziekin eta ere nahi dutenekin Ameztia gelan, hasiera bat emaiteko lan ardatz horien lantzeari eta eztabaidatzeari, egitaraua osatzeko hauteskundeeri buruz. Hauek zuzenean iragan behar dute heldu den martxoaren 15 eta 22an. Bainan utz ditzagun gerokoak geroko.

Pilota

Udazkenean goazela, hasiko da ezkerparetako xapelgoa Euskal Ligaren kondu joko garbin. Aurten Kapito Harri elkarteak baditu 9 pare lehian: 3 kimuetan, 2 gazte mailan eta 4 helduetan (helduek dituztela bi maila desberdin). Lehen kanporaketak hasiko dira gure pilotarientzat asteburu huntan Kiroletan. Finalak jokatuko dira urtarrilaren azken bi asteburuetan Hendaian. Suerte on gure pilotarieri.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3806. zbk

Gure Hitza | 2025/10/23

Motibatu!

Menane Oxandabaratz

Borroka sozialak, migratzaileen eta paperik gabekoen aldeko sustengu ekitaldiak, espekulazioaren kontrako mobilizazioak, euskararen aldeko ekintzak, genero berdintasunaren aldeko aldarrikapenak... Nazioartean eta hemen berean, gai hauen inguruan jende batzuk mobilizatzen dira. Hartuak diren erabaki politiko batzuen kontra altxatzen dira. Ondorioz militante batzuk arrastatuak, auziperatuak eta kondenatuak dira.

Kezka berriak agertu dira. Garaian ingurumenaren etorkizuna ez bazen premiazko puntuetan, gaur egun denen buruetan da. Lurraren defentsa, justizia soziala eta aberastasunaren banaketa aspaldiko urteetako aldarrikapenak beti aktualitatean dira.

Erabaki politiko batzuen kontra militante batzuk biltzen dira, ekintzak antolatzen dituzte. Horretarako kolektiboak muntatu dira, baliabide berriak ere sortu dira. Internetek lagundu du gertakari eta erabaki politiko batzuen inguruan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016