Gure Hitza | 2026ko Urriaren 01a
Esperantza hauspotu
Peio Jorajuria
Aktualitatearen bete betean dugu Itsasu azken aste hauetan. Sanoki gela publikoaren paretan eginiko freskak, erresistentzian den Euskal Herriaren memoria, Txomin Olagarai itsasuar semea barne, ohoratzen duena, mintzarazi ditu bazterrak. Prefet jin berriak memoria horren ezabatzea eskatu du berehala, dena mehatxu. Menane Oxandabaratzek joan den astean zioen bezala, frantses estatuak ez dio besterik galdetzen, lurralde hau menean atxikitzea baizik. Estatuaren begiekin ditu gauzak jujatu behar. Begi inkisidoreak. Ez da konturatu haatik ezabatze manuak margolan horri alimaleko oihartzuna emanen ziola Euskal Herri guzian. Gainera, ezabatua baldin bada, herri askotako eraikin publikoen paretak margolan horren kopiez estaliko omen dira. Frantses estatuak lotan sartua den populu bat nahi luke menean atxiki. Baina jakin behar luke euskaldunak beti baldin badira gaur, betidanik errebel izan direlako dela.
Eta hara prefetak duela zenbait egun sententzia berri bat bota diola Itsasuri. Euskara hizkuntza ofizial ekarria zuen Itsasuk bere lurretan, frantsesaren ondoan, beste hainbat herrik egin dutenaren gisan. Prefetak auzitara ekarri du deliberamendu hori. Euskararen ukapen bat gehiago frantses estatuarenganik.
Joan den asteburuan egoera lasaiago batera itzulia zen Itsasu, Euskaltzaindiak antolatutako Irailekoak poesia ekitaldia gozatzen zuela. Freska haatik denen gogoan, ekitaldi horren estreinaldia hain xuxen Sanoki gelan egin baita, margolana denen begi bistan dela oraindik. Irailekoak ekitaldia aurkeztean, hitz hauek erabili ditu Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezak: “Nahasten ari zaizkigu aroaren zikloak; nagusitzeko mehatxuak agertzen ditu adimen artifizialak; demokraziaren eta askatasunen hegoak ebakiko dizkietela beldurtzen dira gure jendarte modernoak. Irrintzi ozen eta luzeak elkar gaitzala Irailekoetan bihozberak eta odol beroak, izarren argitan olerki baikorrez esperantzaren hauspotzeko”.
Bi egun horietan, olerki, kantu, musika, hitzaldi, bazen buru-bihotzen betetzekoa. Hasirik Karine Etcheverry urepeldar soziolinguistaren “Minaren oihuez, hitzez eta kantuez” mintzaldi mamitsuarekin. Gutartean genuen Abdul Hadi Sadoun idazle irakiarra, aldiz, arabiar kulturaz eta poesiaz zaigu mintzatu, Mesopotamia delarik poesiaren sehaska. Toki askotan eta hemen berean ere gero eta gehiago laidoztatuak diren populuen hitza ekarri digute, berak eta ere Maram al-Masri siriarraren poemek. Bai, esperantzaren hauspo gune bilakatu zaigu Itsasu. Segi beza bide beretik. Atxik, Itsasu!




