Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Urriaren 01a
Senpereko Sorginak, Klima Astea, Flamenko dantza ikuskizuna, Heriotze, Ondarearen Europako egunak, Aste Urdina, Antzerkia Larrekon asteartean, Zine-Eztabaida Larrekon ostegunean eta Errugbia
Senpereko Sorginak
Lau urteren buruan, ez pentsa gaurko sorginak erretzera kondenatuak izanen direla. Urriaren 3an, kirol zelaian, Senpereko emakumeen aisialdiko errugbi talde honek antolatzen du bere lehen “touch errugbi” txapelketa (9:00). Sei emazte eta ekipa mistoen taldeak elkartuko dira kirolaz partekatzeko eta giro onaz gozatzeko. Ekitaldi honen bidez, tokiko emakumeen errugbia sustatu nahi dute eta elkartzen duten balioak ezagutarazi: elkartasuna, talde lana, nork bere burua gainditzea eta jendarte ona. Ez huts egin.
Klima Astea
Seigarren aldikoz antolatua izanen da urriaren 2tik 11ra, aurten bioaniztasuna duelarik gai nagusia. Ipar Euskal Herri osoan antolaturiko tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, eta beste hainbeste hitzorduei esker, mundu bizidunaren aberastasuna ezagutzeko parada eskainia zauku. Senpereri dagokionez, urriaren 7an (10:00-12:00) Urdazuri ibaiko muskuilu bereziaren deskubritzera gomita badugu laborantza lizeoko arraintegian. Bestalde, urriaren 11n, 5 kilometroko ibilaldi kontatua izanen da gure Lur planetaren historia luzeari buruz (15:00-18:30). Xehetasun gehiago: communaute-paysbasque.fr/semaine-klima-2026-1.
Flamenko dantza ikuskizuna
Urriaren 4an, Larreko kulturgunean aurkituko ditugu “Las Flamencas”, Catalina Gommes-en dantza eskolako dantzariak (18:00). Flamenko tradizionaletik flamenko modernora espainol klasikotik pasatuz, mugimendu bakoitzak istorio bat kondatzen du, emozioak sortuz. Iraupena: 1:20, prezioa: 18€ (osoa), 10€ (murriztua), erreserba: helloasso.com/associations/calle-san-juan.
Heriotze
Azken egun hauetan minbizi bortitz batek eraman du Peio Lazcano, Elbarrun-Ibarrungo semea, 73 urterekin. Artzain-laborari xume eta langile honek, urte batzuk eraman baditu ere etxetik kanpo, bere bizitza guzia lurrari lotua izan du. Ingurukoek diote, onddo bilketa afizio handia ukanik, zonbait onddo leku erakutsi dauzkala bere iloba maite bati. Atxikimendua erakutsi nahirik, jendalde ederrak parte hartu du ehorzketetako zeremonian, kartsutasunean baita ozenki kantuak emanez. Bere bizitza guzia lurrari lotua izan du eta besteei zerbitzu emateko beti prest zen. Dolumin bizienak doatzila Maite bere bizi-lagunari, bere bortz anai-arreberi, beren bizi-laguneri, senide eta adiskide guzieri.
Ondarearen Europako egunak
Ekitaldi asko proposatuak ziren, Ravel Festibala Amotzen, Plazako errotaren eta Pilota Museoaren bisita bertzeak bertze, denbora ederra lagun iduriz denak ongi joan dira. Azpimarra nezake bereziki gazteluaren inguruan iragan den ekimena CPS elkartearen eskutik. Sekulako ikusmina sortu baitu eta jende anitz hurbildu da animazioen deskubritzera. Karpa azpian gazteluaren historia atzematen ahal zen, pantaila, argazki eta mintzaldi batzuen bidez, anitzek ere gazteluaren itzuli komentatua egin dute, ohartuz kinka larrian dagoela. Momentu ludikoak izan dira ere, garai bateko bi gudarik, burdinazko soinekuekin azaldu dituztelarik zonbait borroka.
Aste Urdina
Gizarte ekintzarako Herri Zentroak, bere adinekoen elkartearen bitartez, aste urdina antolatzen du urriaren 5etik 8ra. 65 urteko eta goitikoei zuzendua baita, 4 egunez jarduera kultural, artistiko, jostagarri eta kirol-jarduera batzuk deskubritzen ahalko dira. Eman zuen izena, egitarau osoa: aste-urdina-eus.pdf.
Antzerkia Larrekon asteartean
Maîllage elkarteak “Nire apartamendu-kidea adineko pertsona bat da” antzerkia aurkezten duurriaren 6an (14:00). Ikuskizunaren ondotik, antzerkilari eta elkarteko kideekin mintzatzen ahalko da, krakada on batekin gozatuz. Erreserba: 05-59-54-74-96 edo accueil.ccas@senpere64.fr.
Zine-Eztabaida Larrekon ostegunean
Elbarritasun egoeran dauden helduen ibilbidetik, sorkuntza artistikoaren ahalmena agerian uzten du dokumental honek. Kantuak eta dantzak beren burua adierazteko, autoestimua indartzeko, bestearen begiradan lekua aurkitzeko aukera ematen diete. Urriaren 8an iraganen da (20:00). Iraupena: 1:30; dokumentala 45mn eta eztabaida berdintsu. Urririk, deneri irekia, ez huts egin, badugu zer ikasi elbarrituengandik.
Errugbia
Sévignacq-era joan dira berde eta beltzak pasa den igandean. Erreserba taldearentzat partida konplikatua izan bada, motibazio eskasagatik agian, lehen taldea forman agertu da txapelketako bigarren partida honentzat. Erreserbak galdu 6-11, lehen taldeak irabazi 29-23.





