Mundu zabalean | 2026ko Urriaren 01a

Erregaien merkatua

M. O.

Erregaien%20merkatua

Petrolioaren prezioen emendatzea denen solasetan da, bakoitzaren eguneroko gastuetan arazoak sortuz. Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz petrolioaren merkatuak gorakada gaitza jasan du, industrialen irabazi garbiak anitzez goratu direla.

Egoeraz baliatzen direnak

Ekialde Hurbileko tentsio geopolitikoaren ondorioz, petrolioaren merkatua kontrolatzen dutenek egoeraz baliatzen dira. Irabaztun handienak petrolio findegiak dira beren enpresen irabazi garbia gutienez hirukoiztu delako. Adibide gisa, TotalEnergies-ek aurtengo lehen sei hilabeteetan 11,2 miliar dolar benefizio egin ditu.

Estatuek ere eskuratzen dituzten zergeri esker irabaziak egiten dituzte, bereziki Balio Erantsiaren gaineko Zergan (TVA), %50 eta %60 artean. Aldiz ezantzategiek egiten zuten irabaziak apaldu dira, zenbait hestera behartuak dira, berezik saltzaile ttipiak. Saltegi handietako zuzendari batzuk salatzen dute petrolio findegiek dutela merkatua kinka txarrean ezartzen.

Frantses estatuko administrazioaren azken datuen arabera, urte hastapenetik prezioak emendatu dira, otsailean tona bat 410 euro kostatzen zen, orain 679 euro.

Ekialde Hurbileko gatazkaren eragina

Ekialde Hurbileko gatazkak gaur egungo energiaren kolpe handia ondorioztatzen du, Brent upel baten prezioa 100 dolarreko muga sinbolikoaren gainetik igan da. Brent lehengai petrolio mota bat da, mundu guziko produktu gordinaren merkatua finkatzen duena. Brent bereziki Europako, Afrikako eta Ekialde Hurbileko petrolioaren prezio erreferentea da. 2026ko otsailean, Estatu Batuen eta Iranen arteko gerla zuzena piztu zenetik, urte hasieratik mundu mailako petrolio negozioa %65ez emendatu da.

Europar Batasunaren erregai merkatua

Irango gerla hasi zenetik, Europako herri gehienetan ezantza anitzez emendatu da. Europako Batzordearen azken datuen arabera, bataz besteko, europar herritar batek gasolina litroko (SP95) 2,06 euro ordaindu behar du eta 2,16 euro dieselarentzat (irail erditsuko datuak). Europar Batasuneko estatu kideen artean erregai prezioetan desberdintasun handiak agertzen dira. Europako Batzordeak argitaratu datuen arabera SP95 gasolina litroa 2 euro baino gehiago kosta da Europar Batasuneko herrialde batzuetan: Danimarka (2,56 euro), Herbehereak (2,43 euro), Alemania (2,36 euro), Finlandia (2,32 euro), Frantzia (2,17 euro), Grezia (2,16 euro), Italia (2,08 euro) eta Portugal (2,07 euro). Diesel litroak Europar Batasuneko hamabost herrialdetan 2€ gainditzen ditu, Europar Batasuneko kide diren estatuen erdia baino gehiagotan. Prezio handiena, irail erditsutan, Finlandian (2,51 €), Danimarkan (2,5 €), Herbehereetan (2,49 €) eta Frantzian (2,29 €) zen. Aldiz merkeena Maltan da, gasolina litroa 1,34 eurotan eta diesela 1,21 eurotan da. Ondotik Espainia da sailkatzen, 1,87 gasolina eta 1,83 diesela. Espainiar gobernamenduak erregaien Balio Erantsiaren gaineko Zerga (TVA) murriztea adostu zuen.

Petrolioaren merkatua

2026ko otsailaren 28an Irango gerla piztu zenetik, erregaien prezioen merkatuak herritarren eta enpresen egoera ekonomikoa zailtasunean jarri du. Nazioarteko estatu anitz Ekialde Hurbileko petrolioaren menpe dira. Ormuzeko itsasartean trafikoaren etenak, mundu osoko hornikuntza blokeatu du, petrolio merkatua leherraraziz.

Jadanik, lehen gorakada ikusgarria, 2005-2008 urte artean izan zen. 2005eko urtarrilaren hasieran SP95aren litroa 1,04 eurotik gora igan zen, 2008ko uztail hasieran 1,47 euro ingurutan zelarik. Gorakada horren ondorioz, mundu osoan krisi finantzario handia piztu zen. 2008-2009 urte artean prezioak apaldu ziren. Bigarren gorakada handia 2009-2012an eta hirugarrena 2021-2022an iragan ziren. Petrolioaren merkatua estatu batzuen gatazka politikoaren menpe da, bai eta industrialena, egoeraz baliatzen baitira dirua egiteko. Nazioarteko Energia Agentziak gogoratzen du Errusiaren inbasioa aitzin jadanik merkatua 2021ean mintzen hasi zela.

Erregaien zergak

Europar Batasuneko estatu kideen artean gasolinaren eta dieselaren prezioak desberdinak dira. Ponpa prezioa, lau parametro nagusiren inguruan oinarritzen da: petrolioaren ekoizte kostua, garraioaren finantza, banatzaileen irabazi garbia eta estatuen zerga. Ponpa prezioen diferentzia banatzaileen eta estatuen arteko negozioaren arabera finkatzen da. Europar Batasunak estatu kide bakoitzari eskatu du, gutieneko zerga berezia, plomurik gabeko gasolinentzat 0,36€tan finkatzea eta dieselarentzat 0,33€tan.

Herbehereak, Danimarka eta Italia dira plomurik gabeko produktuen gaineko zerga handienak dituzten herrialdeak. Dieselaren gaineko zerga handiena Italian, Irlandan eta Belgikan da. Zerga apalena Maltan, ondotik Bulgarian gasolina eta diesela, Hungarian gasolina eta Suedian diesela.

Artikulu hau idazterakoan petrolioaren prezioa jausten hasia zen, irailean 100 dolarreko muga gainditu ondotik, Brent upel bakoitza 98 dolarretan saltzen da. Heldu diren hilabeteetarako eta 2027. urterako, finantza eta energia erakunde nagusien arabera joera beherera buruz joan behar liteke.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3851. zbk

Gure Hitza | 2026/10/01

Esperantza hauspotu

Peio Jorajuria

Aktualitatearen bete betean dugu Itsasu azken aste hauetan. Sanoki gela publikoaren paretan eginiko freskak, erresistentzian den Euskal Herriaren memoria, Txomin Olagarai itsasuar semea barne, ohoratzen duena, mintzarazi ditu bazterrak. Prefet jin berriak memoria horren ezabatzea eskatu du berehala, dena mehatxu. Menane Oxandabaratzek joan den astean zioen bezala, frantses estatuak ez dio besterik galdetzen, lurralde hau menean atxikitzea baizik. Estatuaren begiekin ditu gauzak jujatu behar. Begi inkisidoreak. Ez da konturatu haatik ezabatze manuak margolan horri alimaleko oihartzuna emanen ziola Euskal Herri guzian. Gainera, ezabatua baldin bada, herri askotako eraikin publikoen paretak margolan horren kopiez estaliko omen dira. Frantses estatuak lotan sartua den populu bat nahi luke menean atxiki. Baina jakin behar luke euskaldunak beti baldin badira gaur, betidanik errebel izan direlako dela.

Eta hara prefetak duela zenbait egun sententzia berri bat bota diola Itsasuri....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016