Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Urriaren 01a

Urri Arrosa: Zangoka elkartasun ibilaldia, Aste Urdina: elkartzeko eta partekatzeko, Hartza historiaurrean mintzagai, 451 herritar lehen sorospenetan trebatuak eta Alokairuen mugatzearen aldeko mobilizazioa

Urri%20Arrosa:%20Zangoka%20elkartasun%20ibilaldia_%20Aste%20Urdina:%20elkartzeko%20eta%20partekatzeko_%20Hartza%20historiaurrean%20mintzagai_%20451%20herritar%20lehen%20sorospenetan%20trebatuak%20eta%20Alokairuen%20mugatzearen%20aldeko%20mobilizazioa

Urri Arrosa: Zangoka elkartasun ibilaldia

Urriaren 3an, larunbatez, Zangoka elkartasun ibilaldiaren bigarren edizioa antolatu dute LIFE elkarteak eta Baionako Herriko Etxeak, bularreko minbiziaren kontrako mobilizazioaren baitan. Roland Barthes zabalgunetik abiatuko da sei edo bederatzi kilometroko ibilbidea, hautuan (10:00). Parte hartzeak 10 euro balioko du; izena HelloAsso bidez edo egunean berean eman daiteke. Bildutako diruak minbiziak egoera sozial eta ekonomiko zailean ezarri dituen pertsonak laguntzeko balioko du.

Aste Urdina: elkartzeko eta partekatzeko

Urriaren 5etik 11ra iraganen da Baionako Aste Urdina, adinekoei zuzenduriko hitzorduekin. Ongizate eguna, kirol jarduerak, kantu saioa, zinema eta bisita gidatuak izanen dira egitarauan. Urriaren 8an ibilaldiak proposatuko dituzte, eta azken egunean kabaret ikusgarri batekin bururatuko da astea. Gainera, urriaren 5etik 9ra, pintura lehiaketako obrak ikusgai izanen dira Galerie des Corsaires galerian; publikoak bere gogokoenaren alde bozkatzen ahalko du.

Hartza historiaurrean, mintzagai

Aritza Villaluenga EHUko historiaurre irakasle eta arkeozoologoak hartzak historiaurreko gizarteetan izan zuen lekua aztertuko du urriaren 8an, Bonnat-Helleu museoan (18:30). “Mythologies” erakusketaren kari antolaturiko hitzaldiak aztarna arkeologikoak eta animaliaren inguruko sinboloak eta kontakizunak uztartuko ditu. Izturitze eta Otsozelaiko harpeetako ikerketetan ere parte hartzen du hizlariak. Sartzea sei eurotan izanen da, eta prezioa apaldua lau eurotan.

451 herritar lehen sorospenetan trebatuak

Baionako 451 herritarrek lehen sorospenetako formakuntza jaso dute, 2025eko ekainetik 2026ko ekainera Elkarteen Etxean antolaturiko 53 saioetan. Parte teorikoa Internet bidez egin dute, eta praktikoa suhiltzaile profesionalekin. Bostehun pertsona trebatzeko helburura heltzeko, saio osagarriak antolatzea aurreikusten dute urrian eta azaroan. Eguneroko larrialdietan nola jokatu jakiteko oinarrizko keinuak herritarren artean zabaltzea du xede egitasmoak.

Alokairuen mugatzearen aldeko mobilizazioa

Alokairuen mugatzea luzatzeko eztabaidaren baitan, Baionako hautetsiek ere neurriaren aldeko jarrera agertu dute. Alain Lacassagne axuantak dioenez, haren ondorioak jadanik sentitzen dira hiriko alokairuen apaltzean. Alda elkarteak ere mobilizazioa segitu nahi du, parlamentuko eztabaiden aitzinetik ekintzak eginez. Neurria luzatu eta zabaltzeko lege proposamena urriaren 21ean aztertzekoa da Senatuan.



Email Facebook Twitter LinkedIn

3851. zbk

Gure Hitza | 2026/10/01

Esperantza hauspotu

Peio Jorajuria

Aktualitatearen bete betean dugu Itsasu azken aste hauetan. Sanoki gela publikoaren paretan eginiko freskak, erresistentzian den Euskal Herriaren memoria, Txomin Olagarai itsasuar semea barne, ohoratzen duena, mintzarazi ditu bazterrak. Prefet jin berriak memoria horren ezabatzea eskatu du berehala, dena mehatxu. Menane Oxandabaratzek joan den astean zioen bezala, frantses estatuak ez dio besterik galdetzen, lurralde hau menean atxikitzea baizik. Estatuaren begiekin ditu gauzak jujatu behar. Begi inkisidoreak. Ez da konturatu haatik ezabatze manuak margolan horri alimaleko oihartzuna emanen ziola Euskal Herri guzian. Gainera, ezabatua baldin bada, herri askotako eraikin publikoen paretak margolan horren kopiez estaliko omen dira. Frantses estatuak lotan sartua den populu bat nahi luke menean atxiki. Baina jakin behar luke euskaldunak beti baldin badira gaur, betidanik errebel izan direlako dela.

Eta hara prefetak duela zenbait egun sententzia berri bat bota diola Itsasuri....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016