Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Urriaren 01a

Aturri Ondo Kantuz-en laugarren emanaldia Bardozen, Bardoze arrosez, Radarra eta Filma Klima astea kari

Aturri%20Ondo%20Kantuz-en%20laugarren%20emanaldia%20Bardozen_%20Bardoze%20arrosez_%20Radarra%20eta%20Filma%20Klima%20astea%20kari

Aturri Ondo Kantuz-en laugarren emanaldia Bardozen

Aturri Ondo Kantuz lekuz aldatzen da. Lehuntzeko eliza nagusiko klaustro ederrean hiru aldiz egin ondoan, aurten Bardozen, Salha jauregiko arboladun parkean eginen da. Berrehun kantari hurbil elkartuko dira, Aturri bazterreko herrietako kantuz taldeetarik jinik: Bardozetik, Beskoitzetik, Lehuntzetik, Mugerretik, Hiriburutik eta Milafrangatik.

Kantuz herrikoi eta kantonal bat izanen da, besta eta kulturaren eguna. Lehenik, Bardoze eta Beskoitzeko ikastoletako haurrak ariko dira. Bakoitzak bere bihotz guzia emanen du, maiatzetik hunat eskolan errepikatzen ari diren zenbait kantu emateko.

Gero jinen da “helduen” tenorea. Ez dira guti: hogeita bortz kantu izanen dira, Watsonek gidaturik eta herrietako taldeetako musikariek lagundurik.

Errepertorioa zabala da, eta kantu-egileak eta doinuak ere orotarikoak. Mendeetan barna ibiliko gira euskal kantuaren bidez; bertsoek ere kondatzen dizkigute garai bateko ohituren eta gizarteko kezken aldaketak.

Hortxe da “Eperra”, Xiberoko kantu zahar eta ezaguna, haren hastapenak aspaldiko denboretan galtzen baitira; eta, bertze aldetik, gaurko hedabideetan ezagun diren kantuak, “Zurekin batera” bezalakoak. Baita ere 70eko eta 90eko urteetako borroka-garaietako kantuak, irudi eta metafora ederrez beteak.

Bardoze eta Beskoitzeko ikastoletako burasoak sukaldean ariko dira, taloak, bixkotxak eta edariak prestatzeko. Bistan dena, egun hau urririk da eta deneri irekia. Baldintza bakar bat: kantatzea maite izaitea!

Kantu guzietako hitzak banatuko dira parte hartzaile guzieri, denek elkarrekin kantatzeko.

Beraz ez duda eta zatozte gurekin kantatzera urriaren 4an, igandez, Salha jauregiko Albodi etorbidean, Bardozen (11:00). Aro txarra balitz, aterbean eginen da.

Bardoze arrosez

Bardoze arrosez, bularreko minbiziaren kontrako prebentzio ekimena urriaren 17an iraganen da. Hitzordua goizean emana da (8:15) izena emateko (5€), eta gero beroketa kolektiboak hasiko dira, flash mob batekin. Ondotik hasiko da “Bardos en scène” elkarteak antolatzen duen yoga kurtsoa Erdizka gelan (09:00), eta pilates kurtsoa (10:00). Ibili nahiago dutenentzat, Ihesaldi elkarteak iaz bezalako ibilaldiak antolatzen ditu (9:30). Hiru distantzia desberdin proposatuak dira: 6 kilometro, 12 kilometro, edota ibilbide egokitua errugbiko zelaiaren inguruan. Eguerditan, eskola publikoak errekiak proposatuko ditu eta kantatzeko parada izanen da Bardozen Kantuzekin. Arratsaldean zehar, adin guzientzako animazioak izanen dira, mutxikoak eta zurezko joko erraldoiak haurrentzat. Zure burua zaindu, detekzio azterketak eginez!

Radarra

Baionako errepidearen bazterrean den radarra berriz garbia da eta funtzionatzen du, horiz tindatua eta pusatua izan eta gero. Auto gidari zuhurrok lasaituak gara ikustean estatu zerbitzuak gure segurtasunaz arduratzen direla kartsuki. Milesker haiei.

Filma Klima astea kari

Elkargoak antolatzen duen Klima Astearen seigarren edizioa iraganen da aurten, oihanen, ibaien, hezeguneen, hesien eta larreen aberastasuna ospatzeko. Proposatzen dizkiguten ehun inguruko ekitaldien artean, zine-eztabaida bat izanen da urriaren 7an, herriko zinema gelan, uhaitzak eta haien ingurune naturalak hobeki ulertzeko (19:00). Lehenik, “La rivière” filmaren proiekzioa izanen da, eta ondotik mahai igurua hortaz solastatzeko Natura 2000 Biduzeren misio-karguduna den Celia Daudérekin.

Hazparneko Armand David laborantza lizeoko ikasleak hor izanen dira ere, haien lau espezie inbaditzaileei buruzko lana erakusteko: japoniar biper-belarra, phytolacca americana, ludwigia eta panpa-belarra. Hitza hartuko dute esplikatzeko espezie horiek zer diren, eta nola buru egiten ahal dugun haien kontra. Xehetasun gehiago ukateko: 06-79-16-91-31.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3851. zbk

Gure Hitza | 2026/10/01

Esperantza hauspotu

Peio Jorajuria

Aktualitatearen bete betean dugu Itsasu azken aste hauetan. Sanoki gela publikoaren paretan eginiko freskak, erresistentzian den Euskal Herriaren memoria, Txomin Olagarai itsasuar semea barne, ohoratzen duena, mintzarazi ditu bazterrak. Prefet jin berriak memoria horren ezabatzea eskatu du berehala, dena mehatxu. Menane Oxandabaratzek joan den astean zioen bezala, frantses estatuak ez dio besterik galdetzen, lurralde hau menean atxikitzea baizik. Estatuaren begiekin ditu gauzak jujatu behar. Begi inkisidoreak. Ez da konturatu haatik ezabatze manuak margolan horri alimaleko oihartzuna emanen ziola Euskal Herri guzian. Gainera, ezabatua baldin bada, herri askotako eraikin publikoen paretak margolan horren kopiez estaliko omen dira. Frantses estatuak lotan sartua den populu bat nahi luke menean atxiki. Baina jakin behar luke euskaldunak beti baldin badira gaur, betidanik errebel izan direlako dela.

Eta hara prefetak duela zenbait egun sententzia berri bat bota diola Itsasuri....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016