Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Urriaren 01a
Heriotze, Jende gutixago kermezan, “Zazpi” filmaren lekukotasun ederra eta Herriko liburutegia
Heriotze
Karloxeneko Dominique Marisco zendu zaigu duela hamar bat egun, 89 urtetan. Baigorri Bernatenekoa zen sortzez, zortzi haurridetan laugarrena. Karloxeneko Mayirekin ezkondurik, hiru alaba-seme ukan zituzten, Christine, Nadine eta Frédéric, eta sei haur ttipi. Ofiziozhargina zen, enpresa bat sorturik. Osagarriaren aldetik azken urte nekeak bizi izan ditu. Ehorzketetan elizaren bete jende bildu da, Beñat Amestoy apezak emanik elizkizuna. Gure partetik, agurrik zintzoenak familiari.
Jende gutixago kermezan
Amuarrain besta, parropiaren fagoretan antolatzen dena, iragan da buruilaren 20an. Bainan aurten usaian baino jende gutixago etorri da. Egun berean bazitaikeen bertzerik ere, Lurdeko beila eta beste. Eskerrak antolatzaileeri, laguntzaileeri eta etorri diren guzieri.
“Zazpi” filmaren lekukotasun ederra
Joan den astean film arraroa ikusi dugu, Mikel Lizarralde eibartarraren “Zazpi” dokumentala.
ZineOnddo sailaren kondu antolatua zen. Eta han ginenek ez dugu dolu ikustera joanik. Peio Osoro bilbotarrak filmatutako dokumentalean ikusten dugu Mikel Lizarralde desafio handi bati lotua. 2018an, 38 urtetan, diagnostikatua izan zitzaion esklerosi anizkoitza (sclérose en plaque). Eritasun horri buru egiteko, pentsatu du Euskal Herri osoa mendiz mendi zeharkatzea, frogatzeko bere buru-gorputzek holakorik egin zezaketela. Zazpi mendi berezi igaiteko helburua zuen, mendi bat euskal probintzia bakotxean (errealki gehiago ere igan ditu, hala nola Iparla, Bidarraitik pasatu zelarik).
Mendi horiek dira Aldamin (Bizkaia), Gorbeia (Araba), Aketegi (Gipuzkoa), Artzamendi (Lapurdi), Okabe (Baxenafarroa), Orhi (Zuberoa) eta Hiru Erregeen Mahaia (Nafarroa), azken bi horiek elurrez estaliak zirelarik, irudi paregabeak zabalduz. Ez zaio beti errexa izan, bainan desafioa gainditu du (11 etapa, 300km, egunero 7 eta 12 orenen artean ibiliz). Dokumentalean egunero bizi duena kondatzen du. Eta Bidarrairat etorria baizitzaigun, filmaren ondotik goxoki mintzatu zaigu hortaz guziaz, lekukotasun paregabea zabalduz. Ahamen baten inguruan bururatu dugu gaualdia. Eskerrak antolatzaileeri eta berezikiago Mikel Lizarralderi, gure herriraino espresuki jinik Eibartik (2 oren baino gehiagoren bide). Zinez, parada duten guzieri gomendatzen diegu film horren ikustera joaitea. Ondoko ZineOnddo izanen da abenduaren 21ean. Xehetasunak geroago.
Herriko liburutegia
Liburutegiaz arduratzen direnek abisu hau helarazi daukute. Liburutegia larunbat goiz guziez idekia izanen da (10:00-12:00), bai eta hilabeteko lehen asteazkenez (15:00-17:00), erran nahi baita urriaren 7an, azaroaren 4an eta abenduaren 2an. Aldiz hetsia izanen da Omiasainduko oporretan (urriaren 31n) eta Eguberriko oporretan (abenduaren 21ean eta 28an).




