Gogoa hazi | 2026ko Urriaren 01a

Haizearen orrazia (Udako bihozkada bat)

Johanes Bordazahar

Ondarreta hondartzaren bukaeran da Haizearen Orrazia, Donostiako mendebaldeko muturrean, Igeldo mendiaren magalean. Eduardo Chillida eskultore handiaren obrarik ezagunenetakoa da. 1977an sortu zuen. (Wikimedia Commons CC)
Ondarreta%20hondartzaren%20bukaeran%20da%20Haizearen%20Orrazia_%20Donostiako%20mendebaldeko%20muturrean_%20Igeldo%20mendiaren%20magalean.%20Eduardo%20Chillida%20eskultore%20handiaren%20obrarik%20ezagunenetakoa%20da.%201977an%20sortu%20zuen.%20(Wikimedia%20Commons%20CC)

Donostiako Kontxan, Ondarretako hondartzaren iskin-iskinean, Igeldo mendiaren oinetan, arrokak, itsasoak, haizeak eta eguzkiak, lauek bat egiten duten gunean finkatua da “haizearen orrazia”. Laukote honi gehitzen ahal zaizkio kaio garrasiak eta uhinek sortzen duten burrunba basatia. Hor dago, Eduardo Txillidaren altzairuzko artelana, kostaldeko harkaitzetan sustraitua. Begirada arrunt batek, arte lanaz aparte, ez du hor deus berezirik sumatuko. Itxura berdineko itsaslabarrak milaka aurkitzen dira itsasbazterrean. Hain zuzen, arte-lan honek zoko basati hau sakratu egiten duelako, beste guziei zentzu beraematen die.

Itsasertzeko harkaitz horietan, sentitzen da ikaragarriko indarren mende gaudela. Haizeak, uhinek, harkaitzek eta eguzkiaren indarrek gainditzen gaituzte, euren neurri betean jotzen gaituztelarik. Ber-denboran giza seme-alabek aski adimen izan dute, indar neurrigabe horiez baliatzeko. Naturaren aldean jendea deus ez da. Alta, noblezia handikoa da jende hori, indar izigarriekin lankidetzan ari baita.

Altzairuzko figurak hiru multzo dira, bakoitzak 10 tona inguruko pisu duena. Altzairu honen herdoil kolore odolkarak Herriaren erresistentzia, itsasoaren eta denboraren lana markatzen ditu. Harkaitzetan bertan ainguratuak dira. Behatz bihurriak edo krakoak erdi- irekiak haizea eta uhinak eskuratzeko asmoz bezala.

Txillidak Obra hau “orrazia” deitu zuelako, gogoan ditugu mitologiako itsaslaminak. Laminek ur-bazterretan ikusten ohi dira, urrezko orraziarekin ileak orraztatzen. Urrezkoak dituzten ileen leuntzen ari direlarik dira indartsuen, ederren, oparoen. Hemen, itsasertzean bertan du jendeak unea eta gunea, laminarekin bezala, mundu eder, aberats, ezezagunean sartzeko; hots, artistaren gogoan, gure Herri hau beste era batez ulertzeko.

Txillidak ez du natura bortxatzeko ideiarik. Haizea eta uhinak heldu diren bezala “orraztatzen”, etxekotzen ditu. Eskulturak burdinazko beso-eskuak dira luzatuak haizea pasatzean bideratzeko, ferekatzeko, basatia den hori eskuratzeko, kosmosari ordena poetiko bat emateko.

Eskulturek euskal lurrari (harkaitzari) josiak daudelako, itsasoaren eta lurraren mugan, Euskaldunek naturarekin daukaten lotura sendoa adierazten dute. Batzuek euskaldunen iraupen zaurituarekin alderatuko dituzte: ekaitzei eta denborari ihardukitzen dietelako. Zabalik daude, zerrailu gisa, irekiak, kanpoko ideiek, haizeek, herria hats-berri dezaten.

Arte monumental honetan, itsasoko haizearekin, uhinen orroa eta aparra dira protagonista nagusiak. Txillidarentzat altzairuak baino gehiago dira elementu naturalak eta eskulturak barnetik irekitzen dizkien bideak. Hutsunetan, aire, soinu, asmo, sentimendu eta ideia guziek dute oldar hartzen. Burdina baino biziagoa da eskulturaren barneko hutsa – hatsa – eta ‘Corten’ altzairuari larru-azalean darion herdoila baitezpadakoa zaio – odola –!

Haize beltz, haize gorri, haize zuri: euskaldunak haizeari koloreak ikusten badizkio, ikusezina ikusgarri egiten badu nola ez du bada sentituko herri honen arima?


Email Facebook Twitter LinkedIn

3851. zbk

Gure Hitza | 2026/10/01

Esperantza hauspotu

Peio Jorajuria

Aktualitatearen bete betean dugu Itsasu azken aste hauetan. Sanoki gela publikoaren paretan eginiko freskak, erresistentzian den Euskal Herriaren memoria, Txomin Olagarai itsasuar semea barne, ohoratzen duena, mintzarazi ditu bazterrak. Prefet jin berriak memoria horren ezabatzea eskatu du berehala, dena mehatxu. Menane Oxandabaratzek joan den astean zioen bezala, frantses estatuak ez dio besterik galdetzen, lurralde hau menean atxikitzea baizik. Estatuaren begiekin ditu gauzak jujatu behar. Begi inkisidoreak. Ez da konturatu haatik ezabatze manuak margolan horri alimaleko oihartzuna emanen ziola Euskal Herri guzian. Gainera, ezabatua baldin bada, herri askotako eraikin publikoen paretak margolan horren kopiez estaliko omen dira. Frantses estatuak lotan sartua den populu bat nahi luke menean atxiki. Baina jakin behar luke euskaldunak beti baldin badira gaur, betidanik errebel izan direlako dela.

Eta hara prefetak duela zenbait egun sententzia berri bat bota diola Itsasuri....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016