Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Urriaren 01a
Régis Pocheluren “Bideen aztarnak” erakusketa Bideak kultur gunean, Euskarazko solasaldia Amikuzeko mediatekan eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio bat Donapaleun
Régis Pocheluren “Bideen aztarnak” erakusketa Bideak kultur gunean
2026ko urriaren 3tik abenduaren 3ra, Régis Pochelu harrizko eskultorearen “Bideen aztarnak” erakusketa berezia, Donapaleuko Bideak Kultur Gunean ikusi daiteke.
Régis Pochelu, Ipar Euskal Herrian bizi da eta nagusiki mendietako hareharria lantzen du. Besteak beste, lekuen memoria, paisaiak, sinboloak, espiritualtasuna eta gizakiaren eta bere lurraldearen arteko loturak aztertzen ditu bere lanetan.
Proiektu horren bidez, harria, paisaia, ondarea eta sorkuntza elkartzen dira Bideak-en lorategi eta klaustroaren bihotzean. Erakusketa, egiazko ibilbide bat bezala pentsatua da, tokiaren historia eta nortasuna kontutan hartuz.
Erakusketaren estreinaldia ostiral huntan, urriaren 2an eginen da (18:30) Bideaken, Dioni Pochelu gitarristarekin, baita Mikel eta Paxkal Indo txalapartariekin.
Ondotik, ibiakoitzean eta igandean (15:00-19:00), Regis Pochelu berak erakusketa komentatuko du. Beste hitzordu batzu aurreikusiak dira urriaren 23tik goiti. Xehetasunak Bideak sarean atzemaiten ahal dira.
Euskarazko solasaldia, Amikuzeko mediatekan
Liburuak elkarteak antolaturik, euskarazko solasaldia ibiakoitz huntan, urriaren 3an iraganen da Amikuzeko mediatekan (10:00). Urrian gaude udazkeneko kolore zoragarriekin, hostoak zukatu ondoan, lurrera erortzen ari dira.
Udako atsedenaldiaren ondotik, euskara praktikatzea gure eguneroko bizitzan izanen da, gure hari gorria solasaldi huntan. Gai desberdin anitz (bestak, tailerrak, kontzertuak, hitzaldiak...) jorratzen ahalko ditugu goxoki eta lasaiki!
Zatoz gurekin memento goxo horren partekatzera.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio bat Donapaleun
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irailaren 19an abiatu da Hazparnen eta abenduaren 20an bururatuko da Iruñean. Lehen faseko laugarren saioa Donapaleun iraganen da ibiakoitz huntan, urriaren 3an, Airetik salan (17:00). Sei bertsolari ariko dira: Eneko Lazkoz Martinez, Iñaki Viñaspre Simon, Maider Arregi Markuleta, Oihana Iguaran Barandiaran, Saioa Alkaiza Guallar eta Sarai Robles Bitas. Astiri eder baten mentura seguraski! Bestalde, aurtengo Baxe Nafarroako kopla topaketa, Larzabale Espelletenian iraganen da, urriaren 17an, astirian.
.304732.png)




