Ba ote dakixu? | 2026ko Urriaren 01a
Verdungo bataila (1/6)
Gilen Bacho
Verdun. Gerlako itsuskeria guzietako sinbolo bihurtu den izena. Duela 110 urte, hiri horretan, eta bere inguruetan, ehun milaka gizonek infernua bizi izan zuten. 1916ko otsailetik abendura, 9 hilabetez, 300 egunez, 300.000 gizonek bizia galdu zuten. Infernutik bizirik atera zirenetan, 400.000 gizon kolpatuak izan ziren (gehienak larriki), izugarrizko traumak kontuan hartu gabe. Verdungo bataila ez da lehen mundu gerlako bataila odoltsuena izan (400.000 gizon hil baitziren Somme lurraldeko batailan, ber urtean iragan zena, eta 600.000 kolpatu) baina, Frantzian eta Alemanian bederen, gerlako basakerien sinbolo egon da.
“1916, garaipenaren urtea”?
1915eko abenduan, Joffre frantses jenerala, Aliatuen jeneral burua, optimista zen. Bere memorioetan idatzi zuen bezala, “1916, garaipenaren urtea bihurtuko” zela uste zuen. Abenduaren 6tik 8ra, bere Chantillyko kuartel nagusian, Joffre bildu zen britainiar, italiar eta errusiar aliatuekin, lehen aldikoz kanpaina-plan bateratu baten eraikitzeko. Frantsesak, britainiarrak, italiarrak eta errusiarrak (Aliatuak) adostu ziren ofentsiba handi baten eramateko 1916ko ekainean. Sei hilabeteko epe hori beharrezkoa zen Aliatuentzat, haien indarrak berriz osatzeko (1915ean alemaniar erasoek gogorki hunkitu baitzituzten Aliatuen armadak, sustut errusiarrak). Baina, Charles Humbert frantses diputatuak asmatu zuen bezala (“Alemaniarrek erasoko gaituzte memento hori baino lehen”), alemaniarrek ez zuten Aliatueri epe luze hori utziko. Alderantziz, Falkenhayn alemaniar jeneralak asmatu zuen ofentsiba handi baten eramatea 1916ko hasieran, otsailean bertan. Alemaniar jenerala Belfort ala Verdun artean luzaz dudan egon zen baina azkenean, urtarril hasieran, Verduni buruz erasoa eramatea erabaki zuen.
“Verdunen izan dadila”
Bere memorioetan, Joffre jeneralak alemaniar eraso horrez ez zela harritua izan segurtatu zuen: “1916ko otsailaren 21ean, alemaniarrek Verdunen gainera jauzi egin zuten. Egia erran, eraso honek ez gintuen ezustean harrapatu.” Baina, egia erraiteko ere, ez zen osoki hola iragan, jeneral buruak luzaz ez baitzuen sinetsi alemaniarrek eraso bat piztuko zutela Verduni buruz. Alta, politikari eta militar zenbaitek posibilitate hori asmatu zuten, eta lehenik Errepublikako presidenteak, Raymond Poincarék, 1916ko urtarrilaren 1ean hitz hauek idatzi baitzituen: “Argibide zerbitzuen informazio zenbaiten arabera, erasoa Verdunen gainera gertatuko liteke”. Baina, Joffre jeneral buruaren arabera, holako eraso bat, toki horri buruz, zentzugabea izango zatekeen. Egia da ez zela errexa Falkenhayn alemaniarraren estrategia ulertzea (eta bere kuartel nagusiko beste jeneralak ez ziren arras konbentzituak ere). Joffreren arabera, alemaniarrek atakatzen bazuten, Xanpaina lurraldeari buruz atakatuko zuten, Parisetik zinez hurbilago baitzen. Zertarako Verdun atakatu, Parisetik 300 kilometrotan? Orduan, urtarrilaren 8an, Aristide Briand Kontseiluko presidenteak bere kezkak (Herbillon koronelaren bidez) helarazi zituelarik jeneral buruari, Joffrek bipilki ihardetsi zion: “Zerbait bakarrik eskatzen dut, alemaniarrek erasotzea eta erasotzen badute, Verdunen izan dadila.” Jeneral buruaren nahiak haren esperantzak gaindituz beteko ziren.





