Orotarik | 2026ko Urriaren 01a
Kukumarro
Xarles Videgain
Sagu bat
Egun basihizi ttipia aipatu nahi nuke, sagua hots eta basihizia izateaz gain beste zerbaiten deitzeko erabiltzen dela ikusiko dugu; hala nola gizakiaren gorputzean.
Beraz lehenik animale hura ezaguna da. Sagu gehienetan non ez den sabua deitzen Baigorri eta Aturri aldean nik uste, suge eta subea bezala. Euskarazko hitz hori aski zaharra da ezen jadanik agertzen da 1284 urtean Sagutirin hitzean, Nafarroan, Auritze eta Orreaga inguruan. Iduri luke sagu horretan dagoen sag- partea beste izen zonbaitetan agertzen dela hala nola sator, satitsu, armiarma-sagu (‘musaraigne’). Eta bestorduz hemen berean sagarroiaz erran genuen ez dakigula sagarretik ala sagutik jiten den.
Bada sagu-belarra deitzen den landarea, sagu-beharria ere ba itxurarengatik, eta sagu-intxaurra: bitxi da baina intxaur hori biziki handiagoa omen da besteak baino. Mintzatzeko manerak ez dira anitz baina horra saguaz entzuten ahal duguna.
Hegoaldean, meza denboran aldarearen eta apezaren inguruan ibiltzen diren beretterrak, eliza-saguak, eliz-saguak deitzen dira, irri egiteko naski. Ez dakigu sagu horiek ardo xuria maite dutenez.
Sagua ibiltzen baita ahalaz ez ikusia ez hautemana izan nahiz, Emile Larrek idatzi zuen: ‘sagua bezain isilik jokatuz’. Eskalapoin handiz ibiltzen denaz ez da erranen.
Gatuaren eta saguen arteko gatazka aipu da eta horra bizkaieraz atsotitz zaharra: saguak jango duena, katuak jan dezala. Grimm anaien ipuin famatu batean, gatuak sagua jaten du. Zerbait zahar delarik saguendako baizik on ez dela dio Oihenartek: zetabea berri deno holtzeko, gero ere saguaren hortzeko. Bidenabar, holtza pareta da Holtzarten bezala eta holtzean higatzen da xilintxatu den tresna zaharra.
Bestalde, frantsesez bezala, norbaitek gauzak diren bezain handiagoak erakutsi nahi dituelarik erraten da: Sagutik otsoa egin du, edo mendi batez erdi behar eta sagu kaxkar bat sortzea. Ezterenzubin ondoko atsotitza entzun nuen: Ezkur-urte, sagu-urte. Eta zioen ene lagunak apezari galdegiten zitzaiola zeremonia edo prozesio bereziaren egitea saguen kontra.
Duela guti arte, non ez den beti egiten, haur batek hortz bat galtzen zuelarik, hortza buruki azpian ezartzen zen sos batekin saguak hortz berria ekarriko zuelakoan. ‘Sagua, horra hortz zaharra, ekar hortz berria!’. Beste kasu batzuetan saguak sosa zuen ekartzen. Beti ere Aulnoy andereak hori kontatzen zuen ipuin batean 17. mendean baina lehenagotik heldu da jestu ttipi horren egiteko usaia.
Baina sagua ez da bakarrik ihizi ttipia. xiberotarrez sagia, sagü deitzen da oin zola adierazteko. Zergatik ote? Ontsalaz zangoa, oina pausatua delarik eta zure zangoa ez bada sobera gaizki egina, ortutsik gaudelarik zolaren eta oin-zolaren artean husgune ttipi bat ikusten da, sagu bezalako itxura duena: huinsagüa hura da. Lasterkari on batek sagu hori behar du aski ongi markaturik, ‘oin esprinterra’ deitzen da, dantzariek ere badute, nik uste. Aldiz oin-zapala deitzen da hori ez duena eta denboran mutiko oinzapala ez zen soldadu izaten, sagua eskas zuelarik. Frantsesez sagu batekin konparatzen dute erhien arteko eremua. Erhi pototsa eta erhi handia ematen badira zerbaiten gainean iduri luke arte honek sagu baten itxura baduela.
Toponimian ere gertatzen da. Gipuzkoan, Getarian, bada erdaraz El Ratón deitzen den lekua, San Anton mendia, sagu baten itxura duena. Diote hor arrantzale bat eta hartaz amoros ziren bi andere harri bilakatu zirela eta han daudela oraino.
Zuberoan oin-sagua baldin bada, sagua hitza baliatzen dugu ere gorputzari buruz beste zerbaiten deitzeko. Haur-denboran bereziki baldin badugu gogorrune bat hala nola galtzarpetan, besapetan, istapetan, ez da glanda ez ganglion erraten, saguak aipatzen dira. Anitzetan jiten ari den eritasun bat markatzen dute edota akidura.
Larru azpian diren horiek beraz saguarekin konparatzen dira. Ondoko mintzairetan gauza bera gertatu da hitz ezagun baten bitartez. Muscle, músculo hitza da. Besoetan dauden ‘muscle’ horiek mugitzen baitira larru azpitik sagu batekin konparatu dira eta latinezko mus, musculus hitza hautatua izan zen eta latinez ‘mus’ saguaren izen bat da.
Non ikusten baita sagu ttipiak sortarazi dituela gauza anitz euskaraz nola erdaraz. Erran gabe doa saguak milaka erabiltzen ditugula esperientzien eta borogen egiteko gure gaitzen sendatzeko.






