Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2026ko Urriaren 01a
Herriko pestak eta Artea Artetxean
Herriko pestak
Joan den astean aipatuak, asteburu huntan ditugu. Huna xehetasun zenbait gehiago:
Ostirala: Artetxeko aitzinean iraganen den Arberoako laborarien merkatu handiaren ondotik, herriko gelan abiatuko dira pestak (20:00) Rita Mutxikorekin euskal dantzak emanez.
Larunbata: “On Egin” jantegian (10:00) askaria. Egun guzian joko eta ikusgarriak haurrentzat. Artetxean (17:00) herriko haur eta gazteek “Jandarmeak” Antton eta Mariaren antzerkiak emanen dituzte. Zenbait irriren egiteko parada izanen da. Arratsean ohiko zikiroa Xibalet txarangarekin eta besta argitu arte Edantzarekin
Igandea: Aurten lehen aldikotz, mezatik ateratzean, herriko plazan “ingurutxo” dantzatuko da lekuko soinulariekin, xixtulari eta beste. Nafarroako ohidura omen da. Oroit gira haatik, duela 60 bat urte Izturitzeko pestak igandearekin hasten zirela hain xuxen mezatik landa euskal jauziak dantzatuz. Kantu bazkaria Artetxean. Aurtengoan Irigoien anaien kantu famatuak dira kantatuko besteak beste. Urrunako Berttoli elkarteak lekuan prestatu marmitakoa eta gaineratiko janari edariekin usaiako giro beroa sortuko dela dudarik ez. Ez ahantz izena emaitea 06-84-53-14-44. Igande arratsean herriko gelan Mutturfin gaua oraino gose direnentzat. Besta on deneri!
Artea Artetxean
Arte lantegiak aste huntan abiatzen dira 1. epearekin. Urtean zer izanen den:
1.epean: tindua Marie-Luce Garatekin
2.epean: modelismoa Battitt Halsouetekin
3. epean: eltzegintza Joana Caillaud-rekin
4. epean: jostea Joana Halsouetekin
5. epean: tindua Irene Bordarekin.
Lantegiak astelehen arratsetan iraganen dira: 6-10 urtekoentzat (17:30-18:15); 10-16 urteko nerabeentzat (18:30-19:30) eta 16 urtez goitikoentzat (19:30-20:30). Xehetasunentzat eta izena emaiteko deitu Joelle 06-84-53-14-44 zenbakira.




