Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Urriaren 01a
Sortze, Alokairu, Adinekoen foroa eta Kliska
Sortze
Bi sortze ukan ditugu herrian aitzineko egunetan: Bortzirietako Kattalin Cherbero eta Peio Burucoa bizi lagunak ongi etorria egin dakote bigarren alabari, Eneka deitu duten neskatxa. Baigorrin bizi diren Eva Garcia eta Thomas Perrot-ek ere alaba bat ukan dute. Aeala izena eman dakote. Goresmenak deneri.
Alokairu
Behereko karrikan den “Ernautenea” etxea (aspaldian jendarmeria zena), arraberritze lanetan da. “Office 64 de l'habitat” erakundeak obrak bururatuko ditu heldu den abenduan. 2 apartamendu T4 izanen dira alokatzeko. Interesatuek dosierra Herriko Etxean erretiratu behar dute eta itzuli, behar diren dokumentu guziekin, urriaren 5erako berantenez.
Adinekoen foroa
Aste urdinaren karietara, “Goxoki etxean” elkarteak adinekoen foroa antolatzen du Plaza Xokon, heldu den urriaren 9an (9:00-17:00). Elkar ezagutza eta trukaketa egunaldi bat izanen da adineko, familia laguntzaile eta profesionalei irekia, proposamen desberdinekin:
Sozial eta medikuntza sozial ofizioen foroa, sail hauetako lan eta formakuntzen ezagutarazteko. Familia barneko bortizkerien gaia ere landuko da (izenak eman behar dira honetan parte hartzeko). Masaia eta ongi izate tailer bat ere izanen da (honentzat ere izenak emanen dira tokian berean). Frantsesenea lizeoko ikasleek dute harrera edo ongi etorria segurtatuko. Izanen da jateko eta edateko.
Kliska
Argazki festibala urriaren 24 eta 25ean iraganen da Plaza Xokon. Horri loturik den argazki lehiaketan parte hartu nahi baldin baduzue, jadanik hasten ahal zirezte "kliskatzen", aurtengo gaia jakina baita: "Ura bere estatu guzietan eta bere gune guzietan". Pentsa ditaike izanen dela zer erakuts, ikusiz ura zer heinetan den aurten jasaten dugun idortearekin, Izpegiko errekaren apaltasuna lekuko.





