Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Urriaren 01a

Sortze, Goiti Aire elkartekoen bazkaria, Herriko kontseiluan, euskararen aitorpena eta Bilkura hondarreko orotariko gaietan aipatuak izan direnak

JM.B

Kontseilariak buruilaren 21eko bilkuran
Kontseilariak%20buruilaren%2021eko%20bilkuran

Sortze

Joan den buruilaren 20an, Bordattoa etxean beren ohantzea egina duten Itxaro Dunatek eta Peio Irigarayk beren lehen haurñoari ongi etorri egin diote. Zorionak Kima izendatu duten beren alabari, eta goresmenak aitama uroseri.

Goiti Aire elkartekoen bazkaria

Noiztenka egiten duen bezala, hirugarren adinekoen elkarteak bazkari bat antolatzen du, heldu den urriaren 17an, larunbatarekin (12:00). Bazkariaren prezioa 37€ denak barne (aperitifa, bazkaria, arnoa eta kafea), haatik Goiti Aire elkartearen kide direnentzat, bazkaria 22€tan izanen da, elkarteak 15€ren heinean parte hartuko baitu pertsonaka. Goiti Airek antolatu bazkariarentzat, izena zuzenean Christian Latasteri eman behar da telefonoz: 06-84-10-26-68, edo elkarteari idatziz goitiaire64@gmail.com, urriaren 9a aitzin. Haatik, batzuek ibilgailurik ez baldin badute bazkarira etortzeko, Jean-Louis Duguine lehendakariari jakinaraz dezatela! Hunek zuen joan-jina antolatuko du.

Herriko kontseiluan, euskararen aitorpena

Herriko kontseilua joan den buruilaren 21ean bildu zen. 15 hautetsietarik 13k parte hartu zuten. Bilkuran tratatu eta hartu erabaki garrantzitsuenak hauek dira:

- Aurrekontu nagusiaren aldatzeko deliberoa hartu dute.

-2026ko bideetako obren programa finkatu dute: Larreburuko bidea, Jauretxeko bidea, Agerreko bidea, Behibideko bidea. Hunen kostua 30.307€ren heinekoa liteke (zergaz kanpo). Diru laguntzak eskatuko dituzte.

- Herriaren zaintze plana onartzea.

- Herriko kontseiluko barne araudien aldaketaren onartzea.

- Gozategia ostatuan Herriko Etxeak egin obrentzat, ostatuaren 2 egunez, hots apirilaren 20 eta 21ean hestea behartuak izan baitziren, herriak buruileko alokairua (835,20€) eskainiko dio ostalerrari, kalte-ordain gisa.

- Hilerriko ehorzketa lanen prezioak berrikustea deliberatu da.

- Herri barnea zeharkatzeko proiektuari dagokionez, APGL erakundeak segurtatu beharreko lan estudioek uste baino gehiago iraunen baitute, ondorioz hauek ukanen duten 11.340€ko gainkostua onartu da.

- 2026ko diru laguntza (1.266,59€) Herriko Obra Sozialen Batzordeari.

- Herriko hizkuntza politika: euskarari buruzko aitorpena: Herriko Etxeak erabaki nabarmena hartu du, euskara herriko hizkuntza gisa aitortzea frantsesarekin batera.

Ondorioz, Herriko Etxeak segitu nahi du duela zenbait urtetatik engaiatua den politika batekin, euskara lausotu, transmititu eta baloratzearen alde.

Bilkura hondarreko orotariko gaietan aipatuak izan direnak

Aiherra-Antzuola eguna urriaren 24an iraganen da Antzuolan, autobusa plazan hartuko da (9:00) eta tokien erreserbatzeko izena Herriko Etxean (05-59-29-64-02) eman behar da oraindanik, urriaren 15a aitzin. Herriko Etxearen webgune berria: 2027ko urtarrilean plantan ezarriko da. Hardoia gunea (Harrieta ondoko harrobi ohia): Herriko Etxeaz kanpoko batzorde bat laster sortuko da, helburua izanen delarik herritarrak leku horren bilakaerari buruzko gogoetan parte harraraztea. Herriko aldizkaria urte hondarrean zabalduko da. Urte hondarrean, Herriko Etxeak ikusgarri berezia eskaini nahi luke herriko haur guzieri.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3851. zbk

Gure Hitza | 2026/10/01

Esperantza hauspotu

Peio Jorajuria

Aktualitatearen bete betean dugu Itsasu azken aste hauetan. Sanoki gela publikoaren paretan eginiko freskak, erresistentzian den Euskal Herriaren memoria, Txomin Olagarai itsasuar semea barne, ohoratzen duena, mintzarazi ditu bazterrak. Prefet jin berriak memoria horren ezabatzea eskatu du berehala, dena mehatxu. Menane Oxandabaratzek joan den astean zioen bezala, frantses estatuak ez dio besterik galdetzen, lurralde hau menean atxikitzea baizik. Estatuaren begiekin ditu gauzak jujatu behar. Begi inkisidoreak. Ez da konturatu haatik ezabatze manuak margolan horri alimaleko oihartzuna emanen ziola Euskal Herri guzian. Gainera, ezabatua baldin bada, herri askotako eraikin publikoen paretak margolan horren kopiez estaliko omen dira. Frantses estatuak lotan sartua den populu bat nahi luke menean atxiki. Baina jakin behar luke euskaldunak beti baldin badira gaur, betidanik errebel izan direlako dela.

Eta hara prefetak duela zenbait egun sententzia berri bat bota diola Itsasuri....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016