Herriz Herri - Donibane Lohizune (L) | 2026ko Urriaren 01a
Etxebizitza sozialak: kopuruetatik harago, eztabaida, Zinemaldia urriaren 3tik 9ra, Zazpi kilometroko ibilaldia Urdazuri bazterrean eta Mediateka denei helgarriago
Etxebizitza sozialak: kopuruetatik harago, eztabaida
Etxebizitza sozialen bilana aztertu dute irailaren 18ko herriko kontseiluan. Aitzineko hirurteko helburuak gainditurik, Herriko Etxeak jadanik bete du 2026-2028 aldirako ezarritako 117 etxebizitzen helburua, eraikitako edo finantzatutako egitasmoei esker. Oposizioak bilana ontzat jo du, baina ñabardurak eginez: apaleneko etxebizitzen eskasia azpimarratu du. Lehendik diren etxebizitzak berritzeari lehentasuna ematea eta urte osoan bizi diren herritarrentzako bizitegiak bermatzea eskatu da.
Zinemaldia urriaren 3tik 9ra
Nazioarteko Zinemaldiaren 13. edizioa iraganen da urriaren 3tik 9ra, Le Sélect zineman. Lehen edo bigarren filma egin duten zinemagileak ezagutaraztea du xede zinemaldiak. Hala, hamar film luze izanen dira lehian. Zar Amir Ebrahimi aktore eta zinemagilea izanen da epaimahaiburu. Tokiko sorkuntzak ere lekua ukanen du “Cinéma d’ici” sailean, besteak beste Jean Larregarayren L’Atelier eta Josu Martinezen Potasio film laburrekin. Emanaldien ondotik, zinemagileekin solasaldiak antolatuko dituzte. Sartzeak zineman salgai dira.
Zazpi kilometroko ibilaldia Urdazuri bazterrean
Urriaren 4an, igandez, abiatuko da “Balade au fil de la Nivelle” ibilaldia, Luis XIV.aren plazatik (9:00). Zazpi kilometroko itzulia urririk eta denei idekia izanen da, Chantaco aldera joanez. Bidean, Pilates eta Qi Gong probatzeko parada izanen da, baita konpostatzeko gunea eta Urdazuriko bartak ezagutzekoa ere. Klima Astearen eta Aste Urdinaren baitan antolaturik, adin guzietako herritarrak elkartu nahi ditu hitzorduak.
Mediateka denei helgarriago
Donibane Lohizuneko mediatekak “Tourisme & Handicap” labela berritu du, desgaitasuna duten pertsonen harrerarako egiten duen lana aitortuz. Letra handiko liburuak, entzunezkoak, irakurtzeko zailtasunei egokitutako bildumak eta entzumen laguntzarako tresnak eskaintzen ditu. Langileek ere erabiltzaileen beharrei erantzuteko formakuntza jaso dute. Tokiko eskaintzaz gain, irakurleek urrunetik eskura daitezkeen baliabide numerikoak erabil ditzakete.




