Euskal diaspora | 2026ko Urriaren 01a
Zorionak Parise, Pesta Montpellierren, Dantzari Egunak, NYeko Pintxo-Potea eta Agurra Jokoetan
Joseba Etxarri
PARISE. Pariseko Euskal Etxeak 70 urte ospatuko ditu heldu den igandean, urriaren 4an, eginen duen egun osoko bestan. Meza izanen da, aita Pochuluk emana Gernika korala kantari (11:00); aperitifa (12:00), Gazteriako dantzariekin, Erlaitz taldea musikari: bazkaria kantu eta animazioekin (13:00); solasa eta lekukotasunak "Pariseko Euskal Etxea, 1956tik egundaino, eta bihar?" izenburupean (16:30); Anaikiren kontzertua (18:00); eta dantzaldia Mikel Perezekin (19:00). Zorionak, egun bikaina pasa, eta gogoeta emankorrak egin, besta ederrarekin batera!
MONTPELLIER. Heldu den igandean ere Urteroko Pesta eginen dute Montpellierko Euskaldunak elkarteko lagunek, Clapìers-eko Barrault Aretoan: ongietorria (11:00); zintzur bustitzea kantu eta dantzekin (11:45); bazkaria, kantuz eta dantzaz (13:00); eta bazkalondoan, giro ederreko kantu, dantza, solas eta bozkario, hor eta egun osoan Thierry Etchegaray musikari baionarrak alaitua; eta jolas eta jokoak, boneta jaurtitzea, gasna pisaketa, espartin jaurtiketa... Euskal Etxeak zuriz eta gorriz beztiturik jitera gomitatzen du.
DANTZARI EGUNAK. Egun bat lehenago, urriaren 3an, ebiakoitzean, agituko diren bi Dantzari Egun ere bildu ditugu gaurkoan: batetik, Nafarroako Zizur Nagusian eginen den Euskal Herriko Dantzari Eguna, zazpi probintzietako dantza taldeak bertan zuzenean dantzari, eta Diasporatik, pantaila bidez, parte hartuko duten bi talde bederen, Saint Pierre eta Mikeluneko 'Orok Bat' eta Txileko Santiagoko Euskal Gizataldeko dantzariak; eta bestetik, Argentinan, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak ospatuko duen bertako Dantzari Eguna. Ez ahantzi EE hunek 150 urte ospatuko dituela heldu den martxoaren 12 eta 13an.
NEW YORK. Ebiakoitzean ere, baina Estatu Batuetan, Larrazkeneko Pintxo-Potea gauzatuko dute New Yorkeko Euzko Etxean (19:00-23:00). Pintxo barietate handi bat zerbitzatuko dute, ohiko pintxoak eta berriak, eta edarien artean, txakolina, arnoa, sagarnoa, kalimotxoa... Hori, gazte jende frango ere partaide eta euskal musika lagun. Prezioa: EEko bazkide ez direnek, 45 dolar; eta bazkideek, 25 dolar, online erosirik, gehi 20 dolar dirutan bortan, sartzean.
ROSARIO. Bururatu berriak dituzte Argentinako Rosario, Santa Fe eta Rafaela hirietan "Santa Fe 2026 Hegoamerikar XIII. Jokoak", 15 herrialdetako 4.000 kirolari partaide. Dominetarik haratago, kirol elkarretaratzeak lekua egin zien eskualde horretan errotu kirolei ere, eta euskal pilota partzuer izan zen eta baita Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxekoak ere. Euskaldunen izenean, EEko lehendakari Guillermo Canut izan zen ordezkari instituzionala, eta Ainhoa Parachurekin Gazteria Zutik dantza taldeko zuzendari den Mateo Tacconik agurra dantzatu zuen; baita bigarren batean Valentin Tacconik ere, tokiko euskal hunkitu eta ekarpen apala ezarririk orotara telebistaz 3,5 milioi ikusle izan zituzten Joko hauen 13. edizioari.
.302120.jpg)




