Herriz Herri - Angelu (L) | 2026ko Urriaren 01a
Kabalkada: Euskararentzako baliabide gehiago aldarrikatu dituzte, Polinesiako kulturak Angelun du hitzordua, Aste Urdina: mus, kantu eta ateraldiak eta Uraren zikloa ezagutzeko ibilaldia
Kabalkada: Euskararentzako baliabide gehiago aldarrikatu dituzte
Angeluko Herriko Etxearen hizkuntza politika kritikatu da iraileko kabalkadaren bi emanaldietan, Hardoyko pilotalekua eta Quintau plaza bete duen publikoaren aitzinean. Umorea eta ironia baliatuz, euskarari toki handiagoa eta baliabide gehiago ematea aldarrikatu dute antzerkilariek. Etxebizitzaren arazoa eta higiezin sustatzaileen diru gosea ere aipatu dituzte. Kultur ekitaldiak Angeluko eztabaida politiko eta sozialak plazara ekartzeko parada eman du.
Polinesiako kulturak Angelun du hitzordua
Urriaren 3an eta 4an iraganen da Euskal Kostaldeko Polinesiar Festibalaren seigarren edizioa, Amodio Ganberako Espace de l’Océan aretoan. Vahine Ori Tahiti Anglet elkarteak antolaturik, dantza ikusgarriak, musika, eskulangintza merkatua eta Polinesiako sukaldaritza ezagutzeko aukera izanen dira. Haur eta helduentzako tailerrak ere proposatuko dituzte, uharteetako kulturak partekatzeko.
Aste Urdina: mus, kantu eta ateraldiak
Urriaren 4tik 11ra, Herriko Etxeak eta CCAS-ek adinekoei zuzenduriko Aste Urdina antolatu dute. Ibilaldiak, kirol jarduerak eta lorezaintza tailerrak izanen dira, besteak beste. Urriaren 8an mus txapelketa eginen dute; 9an “L’Attachement” filma ikusgai izanen da Moncinén, eta 10ean kantu saioa Barojan. Astea Gérard Luc eta bere taldearen dantzaldiarekin bururatuko da, urriaren 11n, Herriko Etxeko besta gelan. Xehetasunak eta izen-emateak Maison pour tous gunean: 05-59-58-26-50.
Uraren zikloa ezagutzeko ibilaldia
Klimaren astearen baitan, urriaren 7an, asteazkenez, uraren eta biodibertsitatearen inguruko ibilaldi pedagogikoa proposatzen dute Water Family elkarteak eta Ingurumen Zuzendaritzak. Izadia parkearen eta hondartzen artean ibiliko dira parte-hartzaileak, geldialdi ludikoekin (14:00-17:30). Hitzordua Ingurumenaren Etxean. Denei idekia eta urririk izanen da, aitzinetik izena eman behar da. Euria eginez gero, ezeztatua izanen da. Xehetasunak: 05-59-57-17-48.





