Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Urriaren 01a
Laborarien hondarkinen bilketan Klimaren astea: “Bioaniztasuna aipa dezagun” eta Aste hondarrerako denbora pasak
Laborarien hondarkinen bilketa
Hazparneko herriak hondarkin bilketa antolatzen du laborarientzat: plastikozko sokak, anzilaga edo belarra inguratzeko filmak uzten ahalko dira. Bilketa lehengo hondarkintegian iraganen da Hazketan, urriaren 12an astelehenez (08:00-12:00 eta 13:30-17:00). Bestalde, horretarako zakuak emanen dira nahi duen laborariari Harana plazan den merkatu estalian urriaren 5 eta 6an (10:00-12:00). Gehiago jakin nahi bada 06-19-24-24-80 zenbakira deitu behar da.
Klimaren astea: “Bioaniztasuna aipa dezagun”
Hona zer izanen den Hazparnen kanpaina horren karietara:
– Urriaren 2an: Elkargoaren etxean, F. Jammes karrikan: joko, konferentzia eta zeruaren obserbaketa. Gaia: argi publikoen guttitzea gaueko bioaniztasuna zaintzeko (18:00-22:00).
– Urriaren 5ean: Marc André Sélosse biologista famatuaren konferentzia baten erakustea, Haritz Barne zineman (18:30-20:30).
– Urriaren 7an: bioaniztasunaren horma irudia: hunen harat-hunatak ezagutzeko atelierrak
Elgar zentroan (09:00-12:00). Baratzea zaintzeko lanak nola egin ekipamendu termiko eta elektrikoen erabilera mugatuz. Bil ta Garbik proposatu animazioa baratze publikoan (16:00-17:30).
– Urriaren 9 eta 10ean: Harana plazatik abiatuz “Iluntxean zelatan egon”: goxoan ibiliz astirian iratzartzen diren abereak begiratu (18:15).
– 10ean oraino Uhaldia baserrian: aktibitate parrasta bat: aterbe eraikitze, xori habi eta intsektu etxe muntatze, jangarriak diren landareen ezagutze… (09:00-17:00). Egun guziarena bada!
Gertakari guzientzat hobe da izena ematea Klima astea 2026 xekatuz Elkargoaren gunean.
Aste hondarrerako denbora pasak
Laneko zaldien zeingehiagoka: urriaren 3an, herriko zezen plazan, urtero egiten den zoingehiagoka iraganen da. Zaldi baliosena hautatzeaz gain, zaldiaren inguruko animazioak izanen dira. Tokian berean jan eta edaten ahalko da.
Urtsuko ibilaldia: Itzul eta Zapa elkartea txirrindulariena izanki, elgarretaratze bat egiten du urriaren 4an, igandez ibilaldi desberdinak egiteko. Hauek txirrindula motaren arabera eginen dira mendiz edo errepidez. Hitzordua goizean emana da (8:00). Kafea eskainia da abiatzean eta edari bat arribatzean.





