Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Urriaren 01a
20.000 eusko Sokoako langileen sustengatzeko, Garapen iraunkorra eta ura ardatz eta Urri Arrosa: elkartasunezko ibilaldiak
20.000 eusko Sokoako langileen sustengatzeko
Sokoa enpresako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak 20.000 eusko banatu ditu diru-sarrerak apaldu zaizkien langileen artean. Elkartasun ekimen horrek helburu bikoitza du: langileen erosahalmena sostengatzea eta tokiko ekonomia indartzea. Izan ere, 2025az geroztik, Sokoaren jarduerak beherakada izan du. Horren ondorioz, langile batzuk iraupen luzeko langabezia partzialean ezarri dituzte, haien soldatak ere murriztuz. Galera horiek arintzeko, batzordeak ohiz kanpoko laguntza euskoz ematea erabaki du.
Langile bakoitzak gehienez 160 eusko jaso ditu, sei elikadura saltokitan erabiltzeko: Hendaiako Pâtisserie de l’Europe eta Lo Vi, Urruñako Chez Paulette eta Au Marché de Magalie, Ziburuko Etxe Goxoan eta Senpereko Euskal Vrak.
Euskal Monetak azpimarratu duenez, laguntzaren eragina ez da lehen erosketan geldituko: saltokiek bildutako euskoak berriz erabiltzen ahalko dituzte, diruak lurraldean zirkulatzen segi dezan. Langileei emandako sustengua tokiko ekonomiara hedatzeko manera zehatz gisa ikusten du Euskal Monetak.
Garapen iraunkorra eta ura ardatz
Hendaiako Garapen Iraunkorraren Astearen 18. edizioak segitzen du, Herriko Etxeak eta Euskal Itsasbazterreko IEZIk antolaturik. Ura ardatz duen edizio honetan, IEZIren 40 urteak ere ospatuko dituzte. Urriaren 3an, larunbatez, konponketa, sorkuntza eta garbiketaren inguruko animazioak proposatuko ditu Denentzat zentroak, Intzurako Behobiako pilotaleku ttipian (10:00-12:30). Arratsaldean, “Kankarro” ibilaldi artistikoa abiatuko da Nekatoenetik (15:30). Igandean, urriaren 4an, euskal itsasbazterrak hemendik 40 urtera izan dezakeen bilakaeraz ariko dira Nekatoenean (11:00). Programa osoa eta izen emateak hendaye-culture.fr/fr/ weborrian.
Urri Arrosa: elkartasunezko ibilaldiak
Urri Arrosaren karietara, hiru jarduera proposatuko dituzte urriaren 3an, larunbatez, Hendaian: martxa nordikoa, oinak uretan egiteko ibilaldia eta “longe-côte” iniziazioa. Beroketa 9:30ean hasiko da Croisière zabalgunean, eta jarduerak 10:00etan abiatuko dira, bularreko minbiziaren kontrako mobilizazioaren baitan.
Martxa nordikoak 10 euro balioko du eta oinak uretan egiteko ibilaldiak 12 euro; turismo bulegoan eman behar da izena. “Longe-côte”-an parte hartzeak 10 euro balioko du, edo 20 euro lycra elastikoa ukateko. Izen-ematea Decathlon saltokian egin behar da. Jarduera horretarako, uretan erabiltzeko kirol oinetakoak, bainujantzia, eskuoihala eta neoprenozko jantzia ekarri behar dira.





