Han eta Hemen | 2026ko Urriaren 01a
“Le Canon français”-ren aurkako mobilizazioak indartzen
Berrehun bat lagun bildu dira irailaren 21ean Miarritzeko Herriko Etxearen aitzinean, azaroaren 28an Iraty aretoan egitekoa den “Le Canon français”-ren oturuntza bertan behera uzteko eskatzeko. Hogeita hamar bat elkarte, sindikatu eta talde politikok deiturik, manifestariek eskuin muturreko ideien hedapena salatu dute, herriko kontseiluaren bilkura kari.
“Euskal oturuntza” gisa aurkeztua den ekitaldiaren gibelean, besta giroaz baliatzen den egitasmo politikoa ikusten dute aurkariek. Pierre-Edouard Stérin miliarduna, eskuin muturreko proiektuen diruztatzailea, enpresaren akziodunetarikoa da. Aitzineko oturuntzetan salatutako irain arrazista eta sexistak, lelo homofoboak eta nazien agurrak gogora ekarri dituzte. Caenen, apirileko oturuntzaren ondotik, parte-hartzaile batzuen adierazpen arrazista eta sexisten inguruko ikerketa ireki zuen prokuradoreak.
Auzapezak debekatzeko baldintzak aipatu ditu
Gaia herriko kontseiluan ere eztabaidatu da. Oposizioko hautetsi batek galdekaturik, Serge Blanco auzapezak bere jarrera atxiki du: haren arabera, herriko areto baten erabilera ezin da arrazoi politiko hutsengatik ukatu. Debekua justifikatzeko, ordena publikoarentzat mehatxua frogatu behar dela azaldu du, Estatu Kontseiluaren erabaki bat aipatuz. Halako arriskurik agertuz gero, prefeturako zerbitzuengana joko duela gehitu du.
Auzapezaren erantzunarekin ez dira ados mobilizazioaren antolatzaileak. Bertze hirietako oturuntzetan gertatutakoak ikusirik, ekitaldia bertan behera uzteko neurriak eskatu dituzte. FSU 64k azaldu duenez, ezeztatzea lortzeko lanean segituko dute, eta, oturuntza mantentzen bada, azaroaren 28an ere mobilizatuko direla. Deitzaileek salatu dute igorritako gutunek eta ia 3.000 sinadura bildu dituen petizioak ez dutela botere publikoen aldetik erantzun egokirik jaso.
Laborarien boikot deia
ELBk ere bat egin du protestarekin, laborantza herrikoiaren defentsa eta borroka antifaxista lotuz. Sindikatuaren iritziz, euskal izenaz baliatzen den oturuntzak kultura folklorera mugatzen du eta eskuin muturreko diskurtsoak arrunt bilakatzen laguntzen. Horregatik, ekoizle eta enpresei “Le Canon français”-rekin lan egiteari uko egiteko eskatu die.
Oturuntza antolatzen duen Canon français-ek, bere aldetik, ez duela lotura politikorik aldarrikatzen du. Géraud de la Tour sortzaileetako batek adierazpen diskriminatzaileak gaitzetsi ditu, eta legea betearazteko araudia eta segurtasun langileak dituztela azaldu du. Haien webgunearen arabera, Miarritzeko oturuntzarako toki guziak salduak dira, helduentzako sartzea 80 eurokoa izanik.
_.j300641.jpg)





