Gure Hitza | 2026ko Urriaren 08a
Politika solas
Jean-Louis Harignordoquy
Politika hoietan gezurra nasaiki
Euskal Herriak badu gaur hortarik aski.
Kopla hori Larreko zenaren pertsuetatik hartua da, eta hain ederki kantatzen duten Brave-Bessonart-ek doinu berriz apaindua. Senpereko pertsu idazle maitagarriak bere sendimenduak adierazten zituen sinpleki, denek ulertzeko gisan. Politika gauza baliosa da zintzoki jendartearen ongia bilatzean oinarritzen delarik. Orotan betidanik izan dira politikari onak. Halaber, politikero txarrak, bere denboran Larrekok pertsuen bidez erran zigun bezala.
Heldu den urtean izanki Frantziako buruzagi berria hautatzeko bozak, bulta huntan bazterrak berotzen hasiak dira. Naski bi eskuetako erhietan konda ahala baino hautagai gehiago badiren den tenorean oraino, denak mirakuiluen egiteko gai balire bezain harro. Hots, pertsona bakarra erresuma osoaren salbatzaile izan balitaike bezala. Harek izendatzen du lehen ministroa, eta honek bere aldetik gainerateko sailburuak. Presidentearen gain dira nazioarteko harremanak, egia erran gero eta zailagoak bilakatuak, mundu zabalean hamar milaka jende hilarazteari biziatu gizonen jarrera tematsu eta higuingarriengatik.
Hautagaiak mintzo dira beren iduriko Frantzian hobetu behar litaizken gauzez. Halere, nor ohartzen da zernahi diru gostatzen den ibilmolde jakobinoa aldatzeko lege nagusia egokitzearen beharraz? Nork aitortzen ditu lurralde ezberdinek beren eremuak kudeatzeko esku-bidea eta gaitasuna? Alta, ongi badakikete arazo frangoren iturburua dela administrazioen jokaera itsua, hots herritarren ekimen askoren perlesiatzailea, Frantzia ospetsua eritzeraino. Parte bederen horrengatik dira eskuin muturrak sortu lillura eta esperantza faltsuak hedatzen. Boz batzu galtzeko beldurrez edo nik dakita zergatik, hautagaiek ez ikusiarena egiten duten. Menturaz behar litzaieke duela bi aste Gure Hitza zutabean Menane Oxandabaratzek idatzi ikusmolde xuxenen frantsesezko itzulpena eman.
Hurrengo asteetan agertuko dira hautagai bakoitzaren lehentasunak. Gauden beha hondarrean norbaitek agertuko duen Frantziar Estatuko arau hertsiegiek Kaledonia Berrian, Korsikan eta Euskal Herrian sortu arazoen konpontzeko xederik. Marine Le Pen nagusitzearen beldur dira jende frango. Alta, hura aipatuago, hura prentsan agertuago eta gehiago, haziz doa eskuin muturra Frantzia gobernatzeko gai delako ustea, bereziki historiaz eta kulturaz ezagutza gutiko bozkatzaileen buruetan. Noren ogenez ote?




