Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Urriaren 08a
Auzo batzordeak, Estreinaldi, Erakusketa eta Kontzertu
B. S.
Auzo batzordeak
Auzo batzordeen biltzar nagusiak bururatu dira azken hiruekin. Etxehasian egin zen irailaren 16an, Arruntzan 23an eta San Mixelen 24an. Sei biltzar nagusietan Piero Rouget, Jean François Ruiz eta Christelle Larrieu hautetsiek aipatu dute batzordeak noiz sortu diren, funtzionamendua, gazte kontseilua, aurrekontu parte-hartzailea, komunikazioa Grall aplikazioarekin batzordeen arteko xede eta abar... Batzorde bakotxak bere hautetsi erreferentea badu, Herriko Etxearekin ararteko izanen dena: Hiribehere Sokorrondok Mathieu Urrutia, Purgu Xopolok Magaly Grubert, Heraitze Astobizkarrek Christian Socodiabehere, Etxehasiak Nikolas Blain, Arruntzak Petra Alzuyet eta Anne Jothy, azkenik San Mixelek Betti Sarratia. Orain batzorde bakotxak bere koordinatzailea izendatuko du, laguntzaile bat eta idazkari bat. Ondotik hiru hilabetetarik behin (edo gehiago beharrez) bilduko dira beren auzoan aztertzeko zoin diren denen onetan beharrezko obrak. Huna zonbait proiektu auzoka aipatu direnak: Hiribeheren Errepiragaraia aintzira, Mailiarena, Arki minoteriaren geroa, Lota parkea eta frontoiko aparkalekuak; Purgurentzat gazteluaren geroa, Etxeberria komertzio zentroa, Xopoloren berrantolaketa; Heraitzen plazaren berrantolaketa eta UGECAMekin harremanak; Etxehasian baratze partekatuak, fruitu baratzea, Hardoiko eta RD 89 bideen segurtamena; Arruntzan plaza erdia hobetzea eta ibilbide eztiak; San Mixelen RD 932 bidearen trebesatzea, Landalarre bideko egoitzak eta aparkalekuak. Ez dira beraz lanik gabe. Xedeak erabakiz geroz Herriko Etxeari helaraziak izanen dira, hunek proposamenak aztertuko ditu, erantzuna eta segida emanen obrak eginez edo aholku emanez. Guzien berri zehatzagoak jakitean aipatuko dira hemendik ere.
Estreinaldi
“Haltya ondarea eta kultura” elkarteak antolatu margo erakusketaren estreinaldiak arrakasta ederra bildu du joan den ortzirale arratsaldean, jendeak (gehienak Uztaritzekoak) ibili baitira berant arte bisitan. Hiru andere margolariren lanak beharrak ziren, azkenean bi ziren bakarrik beren obrekin: Solange Verrichon eta Nicole Ibarra, biak ere Uztaritzen bizi direnak. Biek aurkezpenean aitortu dute gaztedanik gostu zutela marrazki eta margolaritzan; biziaren gora-beherak iraganik orain erretretatuak direla segitzen dute beren margo lanean. Obrak emanak ziren jauregi ondoko aterbean, ikusgai eta salgai, 250 bat koadroz goiti neurri guzietakoak, arlo guzietan landuak: natura, kabalak, kanpaña, kirola eta abar. Salmenten berri ez da jakin, hitz hau egitean, erakusketa tokian baitzen astelehen arrats arte. Goresmenak ere Borde senar-emazteeri urtean zehar asko ekitaldi antolatzen baitute elkartearen izenean Haltya jauregiari egiazko bizi bat emanez.
Erakusketa
Hau ere “Haltya ondarea eta kultura” elkarteak jauregian berean antolatzen duen idazle auto editoreen erakusketa salmenta bat urriaren 10 eta 11n, “Chat Pito” elkartearen laguntzarekin. Bisitak bi egunetan egiten ahalko dira (9:00-19:00). Izanen dira idazkien izenpetze eta animazioak.
Kontzertu
“Labourdins” elkarteko musika taldeak antolatzen du urriaren 18an igandez kontzertu bat.
Horrentzat gomitatuak dira aspaldian Euskal Herrian ezagunak diren Peio eta Pantxoa kantariak, musikan lagunduak izanen direla antolatzaile taldeko soinulariekin. Kontzertua eginen da Jondoni Bixintxo elizan (16:00). Sartzea 10 euro. Ongi etorri deneri.





