Orotarik | 2026ko Urriaren 08a

Kukumarro

Xarles Videgain

Larrazkena


Larrazkena erratearekin euskarak gauza bat erakusten du: sasoi hori azkena, gibelekoa da, hots zerbait amaitzen eta urrentzen duela iduri luke. Gogora etortzen dena malenkonia da, edo halako goibeltasuna ere, ez abiadura bat ez eta gaztetasunaren bipila. Epeltasuna eta goxotasuna ere badario.

Beste mintzaira frankok bezala, bi oinarrizko hitz baizik ez dauka euskarak urteko sasoiak aipatzeko: uda eta negua. Beste bi sasoiak hitz hauen gainean eginak dira, salbu zuberotarrez han ez baita ez udaberri ez primadera aipatzen baina bedatse. Etxeberri Ziburukoak lau sasoin nahi zituen aipatu, belhartzea, uda, ihartzea ala larrazkena, negua. Polita izanik ere delako ihartze honek ez du arrakastarik izan larrazkena nagusitu baitzaio.

Beraz uda ondotikako sasoia deitzeko horra euskaraz erabiltzen diren manerak. Gipuzkoan udazkena deitzen da eta udaberri hitzaren kontrakoa da. Ohartarazteko da ez dela nehun ere ‘neguaitzin’-ik aipatzen: beti uda eta haren azken partea balitz bezala.

Bizkaieraz udagoien deitzen da: -goien sasoia behetik hasirik gora eta punturik gorenerat, goienera joan behar balitz bezala, emeki emeki berriz behera jautsiz neguari buruz. Goiena da beraz gauza batzuen azken elementua, denboran nola eremuan. Horrela dio idazle batek: “Nork daki ill hau izango ete dan zure bizitzako guenengoa?” Gorena bai baina azkena. Uriguen da hiriaren azkena eta Ibarguen ibarraren azkena. Eta goien-barrenak diote mugak aipatzeko. Beraz udaren eta neguaren arteko muga gisa ikusia da sasoi hori. Gehiago dena udagoien-azkena hitza erabiltzen da, sasoiaren azken partea dela eta.

Baigorri eta Baztan inguruan, eremu mugatu batean, urria deitzen da gure larrazkena. Urri honek erakusten du eskas, dorpe, luze izatea eta ongi doakio gure sasoiari. Zernahi gisaz urri hitz bera erabiltzen da urteko hamargarren hilabetearen deitzeko. Urribelarra da gure bigarren belarra edo soroa edo ardaila hots nasaiki jiten ez den belarra. Bitxi dena da ondoko mintzairetan bezala latinezko hitza (AUTOMNUS) izan dela automne, autoune, otoño eman duena aski berant. Ezen beste izena izan du sasoiak hala nola gaïn eta regaïn frantsesez, erran nahi baita, mozkin, fruitu, belar ematen duela aski nasaiki gaïn honek, hala nola, sagar, udare, piko, gaztain, intxaur eta hur. Euskaraz emankortasun hori ez da adierazten batere.

Hilabeteak eta sasoiak izen bera izan dezaketela erakusten du auzoko gaskoiez eta leku batzuetan euskaraz ere jendeek derabilaten agor hitzarekin. Aspe eta Baretos ibarretan agor diote. Errangabe doa agor hitzak baduela egitekorik euskarazko agor, agorrilarekin, denbora hartan hain zuzen errekak edo iturriak agortzen ahal baitira. Urri den eta agortua den sasoia da.

Gorago aipatu dudan larrazkena da Iparraldean gehienik ezaguna den hitza. Larrea, hots lurrak bere baitarik ematen duena da, landua edo ereina izan gabe, eta sasoi honetan murrizten baita osoki landareen ekarpena. Azken hitz horrekin negua hurbil da. Horra zer dioen Arradoi, Narbaitzek: “Ez zen harritzeko, egia erran, larrazken labur bati datxikola heldu baitzitzaion Frantsesi negua jauzika”. Sasoiaz kanpo “Larrazken” deitzen dira etxe zonbait, edota erretreta etxeak, ez araiz haur ttipien eskolak.

Larrazkena jendeetan ere heldu dela Lizardi olerkariak aski ongi erakusten du: “Udazkenak ahulagotzen dit hatsa, orbelak ozenagotzen oin-hotsa, aldapak larriagotzen bihotza.” Horra beraz larrazkena, udazkena, udagoiena eta urria, bi aro nagusien artean emeki aldatuz doana.

Email Facebook Twitter LinkedIn

Orotarik | 2026/10/08

Haziak Idazle

Urko Recarey, Unai Izaguirre, Markel Fajardo San Bixente kolegioa, Hendaia 4. zikloko bigarrenak - taldeka

Haziak%20Idazle

Euskal Haziak elkarteak urtero idazketa txapelketa antolatzen du, aurten 11. edizioa da. Aurten 69 testu errezibitu dira, 200 ikasle inguruk parte harturik. Udan zehar, testu irabazleak Herrian agertuko dira.

Irakurri segida

Orotarik | 2026/10/08

Itsas Bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20Bazterretik

Seigarrenak Igantzin ziren

Irailaren 16tik 18ra, seigarreneko ikasleak Igantzin kokatzen den "IrriSarri Land"-era joan dira integrazio ateraldia egitera. Bertan, arborismoa, tirolinak, zentzumenen ibilaldia, disc golfa, gaueko mendi ibilaldia edota disko-festa egiteko parada izan dute. Hiru arrabio deskubritzeko aukera ederra ukan dute ere bai! Gune miresgarri honi esker, gure ikasleak naturan murgildu dira, euskaraz eta umore onean. Egonaldi bikaina baina doi bat motzegi batzuentzat!


...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/10/08

Bertsu txapelketa… beti aitzina

M. O.

Saioa Alkaiza Guallar
Saioa%20Alkaiza%20Guallar

Saioa Alkaiza nagusi Donapaleuko saioan

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko laugarren saioa larunbatean Amikuzen iragan da. Donapaleuko Airetik gelara hurbilduak ziren bertsuzaleek giroa eman dute, bertsularien aurkezpenean esku-zarta azkarrak entzuten zirela.

Ganbarako gaia: “Geltokira eraman duzu, joan ez dadin konbentzitzen ahalegindu zira, baina badoa. Nola abiatzen den ikusten gelditu zira”. Xalbat Alzugarai Etxeberri gai-emaile, saio eder baten entzuteko parada ukan dugu, Saioa Alkaiza Guallar Iruñeko (Nafarroa) bertsulari gaztea garaile agertu da.

Horra puntuazioa:

Saioz Alkaiza Guallar (683)

Oihana Iguaran Barandiaran (672,5)

Maider Arregi Markuleta (659)

Eneko Lazkoz Martinez (624,5)

Iñaki Viñaspre Simon (613,5)

Sarai Robles Vitas (600,5)

Julio Soto Tolosan

Biharamunean Tolosako Usabal kiroldegian jokatu da bosgarren saioa, gela gainezka zela...

Irakurri segida


3852. zbk

Gure Hitza | 2026/10/08

Politika solas

Jean-Louis Harignordoquy

Politika hoietan gezurra nasaiki

Euskal Herriak badu gaur hortarik aski.

Kopla hori Larreko zenaren pertsuetatik hartua da, eta hain ederki kantatzen duten Brave-Bessonart-ek doinu berriz apaindua. Senpereko pertsu idazle maitagarriak bere sendimenduak adierazten zituen sinpleki, denek ulertzeko gisan. Politika gauza baliosa da zintzoki jendartearen ongia bilatzean oinarritzen delarik. Orotan betidanik izan dira politikari onak. Halaber, politikero txarrak, bere denboran Larrekok pertsuen bidez erran zigun bezala.

Heldu den urtean izanki Frantziako buruzagi berria hautatzeko bozak, bulta huntan bazterrak berotzen hasiak dira. Naski bi eskuetako erhietan konda ahala baino hautagai gehiago badiren den tenorean oraino, denak mirakuiluen egiteko gai balire bezain harro. Hots, pertsona bakarra erresuma osoaren salbatzaile izan balitaike bezala. Harek izendatzen du lehen ministroa, eta honek bere aldetik gainerateko sailburuak. Presidentearen gain dira...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016