Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Urriaren 08a
Radarraren istorio amaigabea eta Aturri Ondo Kantuz
Radarraren istorio amaigabea
Aste berri bat, episodio berri bat gure bideko radarrarendako! Pusatua, tindatua, gero garbitua, berriz ezarria izan eta gero, aste honetan totalki desagertu da gure bideko radar famatua! Loreontzi bihurtutako bere lagunarengana joana omen da, radar paradisura. Luzaz damutuko ditugu bere dirdira eta bere flashak… baina segur aski estatuko zerbitzuek egoera konponduko dutela aski fite, beste berri bat plantan ezarriz! Jarraipena ondoko zenbakian!
Aturri Ondo Kantuz
Gure plazak lehen aldikoz errezibitu zuen Aturri Ondo Kantuz ekitaldia igande goizean, eta kantari franko elkartu ziren, Aturri bazterreko herrietako kantuz taldeetarik jinik: Bardozetik, Beskoitzetik, Lehuntzetik, Mugerretik, Hiriburutik eta Milafrangatik.
Watsonek eta bere lagun musikariek nunbrean etorri ziren lagunak ederki gidatu zituzten, errepertorio zabal eta aberatsa proposatuz. Goiz eder horren kari, ikastolako haurrek ere mikroa hartu zuten, ikasi zituzten kantu batzuk alaiki emateko. Urtxintxak, Xorieri mintzo zen, eta Guk euskaraz, besteak beste. Plazergarria zen ikustea herriko haurrak eta aspaldiko gazteak elkarrekin euskal kantuak kantatzen. Eguerditan zintzurra freskatzeko eta tripa betetzeko Xarnegu ikastolako burasoek prestatu zutena gozatu genuen platanoen azpian. Horrelako goizak berriz egitekoak dira gure plazan, milesker antolatzaileei!





