Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Urriaren 08a
Kantu errepikak eta Unibertsitate mailako egunak
Kantu errepikak
Kantu errepikak berriz hasiko dira urriaren 9an, ostiralean (20:00), Arume gelan. Kantu xaharrak eta berriak elgarrekin kantatzeko. Deneri idekiak dira, lehengo eta oraingo gazteeri. Ongi etorria izanen zirezte eta umore hoberenean. Errepikak hamabost egunetatik iragaiten dira, beti ostiralez. Kontaktua: Erramun 06 38 52 65 44.
Unibertsitate mailako egunak
Jaz bezala, aurten ere iraganen dira gure herrian jakintza desberdineri buruzko egunak, urriaren 27tik 30era. Jakintzak edo ezagutzak ez dira bakarrik unibertsitateetan zabaltzen, hori diote antolatzaileek. Karia hortara, ikertzaileak eta herritarrak elkartzera, esperimentatzera eta elgarrekin gogoetatzera gonbidatuak dira, lau egunez, frantsesez eta euskaraz, herriko gelan. Izanen dira hitzaldiak, gogoetaldiak, eztabaidak, atelierak, dantza (Ibawa taldearena), filmak (hala nola François Froget herritar film egilearen “Dominique fait son temps” filma)... Antton Hariñordokik segurtatuko ditu euskarazko hitzaldien itzulpenak, frantsesera. Parte hartze librea.




