Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Urriaren 08a
Idortea, Behi tuberkolosia, Aste hondar huntan, Ezkia ikastolak antolatu kantaldia eta Erakusketa
Idortea
Aste honetan oroitarazia izan zaigu Hazparne idorte krisian emana dela buruilaren 28tik
urriaren 31ra arte. Ondorioz hona zer debekatua den:
– baratzeen ureztatzea
– belardi eta loreak ureztatzea
– kirol zelaiak ureztatzea
– pizina publiko eta pribatuen betetzea
– autoen garbitzea
– murru eta teilatuen garbitzea
Abereen edateko askak debeku horiez kanpo gelditzen dira. Bestalde, debeku horiek
herriko urari lotuak dira eta ez norberak etxean dituen erresalbueri. Erran behar da
aurten ekaina eta iraila artean usaian egiten duena baino %61 euri gutiago egin
duela.
Jakin ere Elkargoak diru laguntzak eskaintzen dituela euri uraren biltzeko eginak
diren ontziak ukaiteko.
Behi tuberkolosia
Prefeturak jakinarazi du “dermatose nodulaire contagieuse” behi eritasunaz kutsatua den azkon bat harrapatua izan dela Hazparnen. Ez omen da epidemia baten abiatzeko arriskurik. Hala ere, Hazparne herri kutsatuen lerroan ezarri da. Gure eskualdean, kasu horretan diren beste 236 herri badira.
Aste hondar huntan
Urriaren 11n:
- Birla zoingehiagoka Eihartzean (15:00-19:00)
- Peña Idiak bere 25 urteen ospatzeko, behi laster bereziak apailatzen ditu zezen plazan (17:00). Frantziako txapeldun batzuk hor izanen dira.
Ezkia ikastolak antolatu kantaldia
Orain usaietan sartua den larrazkeneko kantaldia antolatzen du Ezkia Ikastolak urriaren 11n igandez (16:30) Aiherrako Denen Etxean. Aurten Kamila Zubeldia eta Aguxtin Alkhat dira kantariak: hauek, bakoitzak bere bidea eramanik, elkartu dira Orhoit Hilcia deitu diskoaren ateratzeko. Folk, Pop, Rock eta Blues musikak entzuten ahalko dira igandean. Usaian ez bezala, diskoan parte hartu duten musikari guziak hor izanen dituzte lagun. Lehen parte batean ikastolako haurrek bi kantu eskainiko dituzte. Kantaldiaren ondotik taloak eta edateko moldea izanen da.
Erakusketa
Urriaren 11ra arte iraunen du Léon Laborde jaunak proposatu argazki erakusketak. Choribit gelan iragaten da eta goiz eta arratsalde irekia da.





