Gogoa hazi | 2026ko Urriaren 08a
Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen VIII (Azkena)
Mikel Elpalza (Mandiok itzulia)
V. Eta itsasoa?
Kontzilioak ez du behin ere aipatzen itsas mundua, eta are gutiago Itsas misioa. Baina Kontzilioko aditu batek eragin handia izan zuen, gizon guzien eta gizon guziaren garapen osoaz mintzatu zelarik: Louis Joseph Lebret apezak, bretainiar domingotarra, Itsas Merkataritzako ofizier ohia. Arrantzaleak miseriatik ateratzen lagundu zituen, beren garapenaren eragile bilakarazi zituen, arrantzako batzordeak sortzen zituztela eta geroa beren gain hartzen. Populorum progressio-ren egileetarik bat izan zen Louis Lebret, baita Aita Sainduak Nazio Batuen Erakundean egin zuen hitzaldiaren egileetarik ere: “garapena bakea da”.
1925 inguruan ikerketa soziologiko bat egin zuen itsas jendearen artean. Ikerketa hark agerian eman zuen Frantziako arrantzaren egoera negargarria. 1930ean JMC (Jeunesse maritime chrétienne) sortu zuen. 1938an, Idiartegaray apeza, euskal arrantzaleen omonierra, Lebretengana joan zen, Saint-Maloko eskolara. Pastoraltzako formakuntza osoa ematen du eskola horrek, bizitzaren alderdi guziak hartzen dituela. Itzuli zelarik, Donibane-Ziburuko portuan sortu zituen: marinelen etxea, arrantza-eskola, nesken ikastegia eta gizarte-laguntzako zentroa.
1930etik 1970era, Ekintza Katolikoa izan da laikoen pastoraltzaren eragile nagusia, bai itsas jendearen artean, bai lehorrekoen artean: JOC, JAC, Itsas Gazteri Giristinoa, gero helduen Ekintza Katolikoa, ingurune guzietan militanteak formatu dituena. ACOM, itsas langileen Ekintza Katolikoa, 1950ean sortu zen. Kontzilioak misiolari oldar handi horretarik hartu zuen bere arnasa.
Itsas Misioa 1950ean hasi zelarik, parrokietako apez talde bat zen, itsas munduaren zerbitzuko zena, eta baita engaiatuak ziren laikoen talde bat ere. Baziren, gainera, hogei bat apez-marinel, itsas merkataritzan ontziratuak, eta, guti batzu, arrantzan. Baina 1959an Ofizio Santuak pastoraltza hura geldiarazi zuen. 1964tik 1968rat, Leon Darraidou, marinelen omonierra, zenbait hilabetez ontziratu zen langile bezala. Eta 1969an, Xalbat Ubiriak Donibane-Ziburuko marinelen omonier gisa bere misioa bizi izan zuen, arrantza ontzi batean mekanikari, 1974a arte. Marinelekin ontzian bizitzeak misioari beste dimentsio bat ematen dio, itsas zabalean bizi den errealitatetik abiatzen da.
Itsasoan bizi dugunaren eta Kontzilioaren norabide nagusien artean bada kidetasunik. Itsasoan anaitasun unibertsala bizi da. Itsasoak herriak elkartzen ditu. Itsasoa goraldiek eta beheraldiek moldatzen dute. Misioa bizitzea da, beheraldi batean direnengana hurbiltzea eta haiekin batean gora egitea. 76. salmoak dioen bezala: “Itsasoan gaindi Jainkoak bere bidea egin du, bainan nihork ez du haren arrastoa ezagutzen”. Itsas jendearen ariman dago Jainkoa. Eta presentzia hortarat idekitzeko, haiengandik hurbil bizi behar da.
Ene apeztasuneko bokazioa Kontzilioarekin batean hazi da. 19 urtetan, 1965ean, Akizeko seminario handirat sartu nintzen. Vatikano II Kontzilioaren esnez haziak izan gira; Kontzilioko testuak landu ditugu, aztertu eta hausnartu.
Nere belaunaldiko apezek, ez dugu ez sotana, ez clergyman jantzirik behin ere erabili. Gure misioa laikoak beren erantzukizunean sustengatzea zen; haiekin bidea egitea; Kristo biziaren ospakizuna egitea Sakramentuetan eta Jainkoaren Hitzan; bataiatuentzat ez, baina bataiatuekin, elkarrekin Eliz egitea, Jainkoaren Hitzan eta anaiaren sakramenduan sustraiturik, gure fedea Jesu-Kristorengan gizon guzien errespetuan bizitzea, jakinez Kristo gure beha dagoela munduko Galilea guzietan.
Etsi-usaineko Eliza batetik ateratzen ginen; mundua sobera maite ez zuen Eliza batetik; munduari goratik behatzen zion Eliza batetik; dibortziatuak, homosexualak eta bertze hainbat jende-mota kondenatzen zituen Eliza batetik!
Milesker, Vatikano II-ko Kontzilioari, Elizaren leihoak ideki baititu, mundutik heldu den maitasunaren eta ahaidetasunaren hatsari harrera egiteko. Milesker munduari ere, Hitzaren haziak, Jainkoaren presentziaren graziak eta Eliza baten hatsa errezibitu dituelakoz; Eliza hori bere aulki goratik jautsi baita, denen zerbitzari eta jendetasun arrantzale izateko.




