Mundu zabalean | 2026ko Urriaren 08a
Adimen artifiziala ezin mugatua
Jojo Bidart
Ohartu gabean, adimen artifizialak leku gero eta handiagoa hartzen du gure egun guzietako bizian, onerako eta txarrerako.
Teknologia berrietako jabeek Estatuek baino botere gehiago ez ote dutenez hartzen pentsa dezakegu. Joan den buruil hondarrean, Nazio Batuetako Biltzar Nagusiaren biharamunean berean, adimen artifizialeko sortzaileak bildu nahi ukan ditu Antonio Gutierrez lehendakariak. Agintari gehienek duten beldurra da, zientzialariek finkatu eremutik kanpo bere ber har dadin adimen artifizial sortzailea. Buruilaren 25ean, kontrola ezinak bihurtu ziren puntako adimen artifizialeko modeloen esperimentazioa gelditzea erabaki dute Open AIko buruzagiek, nazioarteko kontrol egitura bat galdeginez.
Denetan sartua da adimen artifiziala
Teknologia berria izanik ere eta ohartu gabe gehienetan, gure egun guzietako usaietan sartua da adimen artifiziala. Izan dadin gure eskuko telefonoetan erabiltzen diren aurpegi edo behatz aztarnen ezagutzailetan edo zuzentzaile automatikoetan, internet eta sare sozialetan ditugun usaien araberako bideo, musika edo artikuluen proposamenetan, ibilbide hautaketak, erosketak, etxeetako konexio automatikoak, dokumentuen idazketak, itzulpenak edo sailkapenak, ahantzi gabe osagarriarentzat diren aplikapenetan.
Adimen artifiziala handizki sartua da ere enpresetan, izan dadin produkzioan, saltzapenetan bai eta ere zerbitzu publikoetan. Nork ez du solasaldi bat hasi mugikorraren puntan den boz artifizial batekin? Tresna bat baizik ez dela ohartu aitzin?
Gaurko egunean, edozein desmartxa publiko ezin da egin Internet erabili gabe, adimen artifizialak automatikoki identifikatzen eta sailkatzen dituelarik gure datuak.
Karrika anitzetan ezarriak diren kamerek eta aurpegien ezagutzeko adimen artifizialak jendeen kontrol sarea hedatzen dute, bakoitzaren libertate espazioa murriztuz.
Aktualitate hurbilak ere erakusten digu adimen artifiziala sartua dela oraingo gerlen urrats guzietan, erailtzeko manua teknologia berriaren eskuetan uzteraino.
Mundu berri batean sartuak gira, onerako eta txarrerako.
Adimen artifiziala muga ezina
Abiadura handian aldatzen ari den gure gizartean botere gero eta handiagoa dute adimen artifizial sortzailea bultzatzen duten enpresek. Sos zama ikaragarriak irabazten dituzte. Baina arranguratzen ere hasiak dira garapen programez arduratzen direnak.
Joan den buruilaren 25ean, Open Aiko buruzagiek jakinarazi dute adimen artifizialeko modeloen esperimentazio guziak geldiarazten zituztela, bigarren aldikoz hiru hilabete barne.
Zer gertatu da? Internetetik normalki deslotua izanki, inguramen isolatu batean erabilia zen adimen artifizialeko modeloak kontroletik eskapatu dira eta ChatGPT erabiltzen zutenen irudiak kargatu. Ameriketako Hezkuntza ministerioko webgunea piratatzen entseatu eta Estatu Batuetako jendeen kontaketako bulegoaren eta Burtsako Eragiketen Batzordeko datuak ebasten hasi da sistema bera bakarrik.
Bigarren aldia da, hiru hilabete barne, gelditzeko erabaki bat hartua dela “beste makurrik ez dadin gerta” diotenaz. Baina asmatzaileek ezarri eta azkartu mugak gainditu dituzte esperimentazioko modeloek bigarren aldikoz.
Sam Altman, Open Aiko buruzagia, eta Dario Amodei Anthropic adimen artifiziala garatzen duen beste enpresako burua ados jarri dira, joan den buruilaren 23an, Nazio Batuetako Seguritate Kontseiluaren aitzinean, adimen artifiziala kontrolatzeko araudia kudeatuko duen nazioarteko erakunde bat galdegiteko.
Nazioarteko deiadarra
Joan den asteartean, buruilaren 29an, Donald Trump presidenteak bildu ditu, bere aldetik, teknologia berrien saileko buruzagi nagusienak, horietan Dario Amodei (Anthropic), Jensen Huang (Nvidia), Mark Zuckerberg (Meta), Elon Musk (Grok). Aitzineko asteetan plazaratu dudak eta arrangurak estali nahi ukan ditu Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, hauteskundeak hurbiltzen ari direlarik. Baina asteartean izenpetua izan den akordioa ez da zehatza ez eta juridikoki loteslea, nazioarteko egitura independente baten kontrolperik gabe enpresa erraldoien autoerregulazioan baizik ez baita oinarritzen.
Alta, hilabete hastapenean, Nazio Batuetako giza eskubideen goi mailako Komisarioak deiadarra jo zuen ozenki, teknologia berriaren gobernantza egituratzearen baitezpadakotasuna lehenetsiz. Harentzat “gure gizartea eta demokrazia hil ala biziko lanjerean ezartzen ditu adimen artifizialaren sortzaileak”. “Gizon talde ttipi batek du botere ikaragarria eskuetan, kalkulatze ahalmen izugarriaz eta libertateaz mintzo dira, baina ongi begiratuz gure datuen erabiltzeko libertatea baizik ez dute gogoan” gehitu du Volker Türk presidenteak Genevan iragaiten zen giza eskubideen 63. kongresuan.
Mezu argi bat plazaratu du bukaeran: “adimen artifizialaren seguritatea bermatzeko garantia azkarrak plantan ezarri behar dira, berantegi izan gabe”.





