Ba ote dakixu? | 2026ko Urriaren 08a

Verdungo bataila (2/6)

Gilen Bacho

Falkenhayn jenerala 1913an
Falkenhayn%20jenerala%201913an

Joffrek pentsatzen zuen bezala, Verduni buruzko alemaniar erasoak ez zuen zilo erabakigarririk sortu, ez eta alemaniar garaipena segurtatu, militar mailan bederen. Baina, Verdungo bataila zelaia hautatuz, Falkenhayn jeneralak beste kalkulu bat egin zuen, esplikatu zuena alemaniar enperadoreari urtarrilaren 3ko gutunean.

“Frantzia bere ahalegin militar mugara heldua”?

Alemaniar jeneralaren arabera, “Frantzia bere ahalegin militar mugara oso hurbil heldua” zen, “gainera, miresgarria (zen) bihotz-osotasun batekin”. Orduan, frantses “populuari ulertarazten” bazen “ez (zela) ezer gehiagorik igurikatzen ahal militar mailan, muga hori gaindigarria izango” zen. Verdungo gotorlekua defendatzeko, inportantzia sinboliko handia baitzuen, “frantses manamenduak bere azken gizoneraino enplegatu beharko” zuela konbentzitua zen. Hori eginez, “frantses tropak haien galtze odoltsuengatik oso nekatuak” izango zirela pentsatzen zuen. Ondorioz, frantsesek Verdun galtzen bazuten, “efektu morala Frantzian izugarria” izango zen eta horrek “bake negoziatu” baten bidea, Alemaniaren faboretan, idekitzen ahalko zuen. Verduni buruzko ofentsiba handia otsailaren 12rako programatua izan zen baina aro txarrak eta etengabeko euriak alemaniar erasoa berandu arazi zuen kasik hamar egunez. Beharrik frantsesentzat, ez baitziren batere prest Verdun defendatzeko.

“Alemaniarrek Verdun desarmatua izan dela ez dakite”

1915eko agorriletik goiti, Herr jenerala Verdungo gotorlekuaren arduradun bihurtu zen, baina sei hilabetez, 1916ko urtarrileraino, eta bere misioa eraman behar zuen gero eta gizon eta diru gutiagorekin. Verdun izenez baino ez zen gotorleku, beste gotorlekuen gisan. 1915eko agorrilaren 3an, frantses manamenduak gotorleku guziak ezeztatu zituen, gerla modernoari ez zirela egokituak pentsatzen baitzuen. Eta egia da adibide zenbaitek erakutsi zutela gotorlekuek ez zutela buru egiten ahal artilleria modernoari. Egiazko gotorleku modernoak trantxadak ziren, lurperatutako fortifikazio horiek gerla modernoari egokituagoak baitziren (artilleriak ez baitzituen ber maneraz suntsitzen ahal). Orduan, Verdun, beste gotorlekuak bezala, kasik osoki desarmatua izan zen. Erabaki horri esker, frantses manamenduak ehunka eta ehunka kanoi berreskuratu zituen (baina ere 600.000 obus!) fronteko beste parte batzuetan erabiltzeko eta partikulazki asmatua izan zen ofentsibarentzat. 1915eko irailean, hiru dibisio bakarrik utziak izan ziren Verdungo lurralde gotortuan, 112 kilometroko frontearen babesteko. Oso guti zen baina sektorea zinez kalme egon zen 1915eko urte osoan, orduan zerendako kezkatu? Dena den, Herr jeneralak kuartel nagusiko ofizierrei bere kezkak helarazi zizkien baina “Verdun ez zela atakatua izango” ukan zuen arrapostu gisa, baina ere “Alemaniarrek ez (zakitela) Verdun desarmatua izan (zela)” (segurtasunik ukan gabe horri buruz!). Halere, 1916ko urtarril bukaeran, alemaniar eraso bat gero eta hurbilago zegoela erakusten zuten seinaleen aurrean, azkenean, indargarri edo sostengu zenbait igorriak izan ziren Verdungo sektoreari buruz, Joffrek ulertu zuenean Verdunen galtzeak frantsesen moralean izango zuela eragin lazgarria. Baina ez ote zen beranduegi?

Email Facebook Twitter LinkedIn

3852. zbk

Gure Hitza | 2026/10/08

Politika solas

Jean-Louis Harignordoquy

Politika hoietan gezurra nasaiki

Euskal Herriak badu gaur hortarik aski.

Kopla hori Larreko zenaren pertsuetatik hartua da, eta hain ederki kantatzen duten Brave-Bessonart-ek doinu berriz apaindua. Senpereko pertsu idazle maitagarriak bere sendimenduak adierazten zituen sinpleki, denek ulertzeko gisan. Politika gauza baliosa da zintzoki jendartearen ongia bilatzean oinarritzen delarik. Orotan betidanik izan dira politikari onak. Halaber, politikero txarrak, bere denboran Larrekok pertsuen bidez erran zigun bezala.

Heldu den urtean izanki Frantziako buruzagi berria hautatzeko bozak, bulta huntan bazterrak berotzen hasiak dira. Naski bi eskuetako erhietan konda ahala baino hautagai gehiago badiren den tenorean oraino, denak mirakuiluen egiteko gai balire bezain harro. Hots, pertsona bakarra erresuma osoaren salbatzaile izan balitaike bezala. Harek izendatzen du lehen ministroa, eta honek bere aldetik gainerateko sailburuak. Presidentearen gain dira...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016