Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Urriaren 08a
Ikasleak mobilizatu dira eta Haizebegi festibala
Ikasleak mobilizatu dira
Joan den astean, Baionako hainbat lizeotako ikasleek ikastetxeetako sarrerak blokeatu dituzte, irakasle eta baliabide eskasia salatzeko eta ikasteko baldintza hobeak eskatzeko. Urriaren 1ean, Bernat Etxepare lizeokoak ere mobilizatu dira: langileen lan baldintzen okertzea, Seaskaren finantzaketa eskasa eta baxoa osoki euskaraz pasatzeko ezintasuna salatu dituzte. Beste lizeoetako ikasleekin bat egin dute ondotik karrikan. Mobilizazioetan, poliziak gas negar-eragilea erabili du, hainbat gazte atxilotu ditu eta batzuk zaurituta larrialdi zerbitzuetara joan behar izan dira.
Haizebegi festibala
Haizebegi festibala urriaren 8tik 18ra iraganen da aurten. 13. edizioak kontzertuak, dantza, filmak eta solasaldiak uztartuko ditu. Baionako Arte Hirian, Paipe Duo bikoteak eskainiko du irekitze kontzertua urriaren 8an (20:30). Biharamunean, Xabier Zeberiok Pause bakarkako proiektua aurkeztuko du, Maurice Ravel kontserbatorioko ikasleen hari orkestrarekin.





