Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2026ko Urriaren 08a
Heriotze, Herriko bestak eta Artetxean antzerkiak
Heriotze
Irailaren 30ean segitu dugu azken egoitzarat Mayi Etchart, 77 urtetan zendua. Laharragako Garay 5 haurridetan bigarrena zen. Jean-Michel senarra duela 3 urte galdua zuen. Laharragako lurretan eraikia zuten “Aterbea” etxe politean bizi ziren. Bi seme eta alaba ukan zituzten. Mayik Izturitzeko “Pausa Lekua” zahar-etxean lan egin zuen urte andana batez. Parrokiako laguntzaile jarraikia izan da osagarria zueno, luzaz katixima egile, eliza garbitzaile eta beste. A.E.P. elkarteko kide ere zen aspalditik. Emazte arrallanta zen, bere ateraldi umoretsu eta batzuetan xixtakorrekin irri eginaraztea laket zitzaion. Azken hamar bat urteetan, Mayik osagarri arrangura handiak jasan ditu, anitz egonaldirekin erietxeetan. Ehorzketa ederrak, goratik kantatuak, eliza bete betean, iragan dira Xipri Arbelbide apeza ofizio emaile, musika joile zelarik Marie-Rose Arotçarena Donamartirikoa. Jon, Peio, Maialen haurreri, hauen bizi laguneri, haur tipieri, haren haurrideeri eta hunkiak diren guzieri bihotzetik doluminak.
Herriko bestak
Egun bat lehenago gertatu heriotze batengatik ezeztatuak izan dira. Batzordeko gazteek eta Artetxeak ondoko asteetan zerbait antolatzeko gogoa dute.
Artetxean antzerkiak
Urriaren 10ean, larunbatean, herriko gazteek pestetako ikasi antzerkiak emanen dituzte (18:00). Ondotik hor berean izanen da janari eta edari memento goxo bat elkarrekin iragateko.




