Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Urriaren 08a
Antzerkia Larrekon ostiralean, Ibarrungo bestak, Xistera arrosa kolorean, Kantu eta dantza ikusgarria, Bertso saioa ostiralean, Ekitaldiak nahas-mahas, Iraileko sortze eta heriotzak eta Errugbia
Antzerkia Larrekon ostiralean
Urri arrosaren kari “Anachroniques” konpainiak “Les délieuses de langues” (mihien deslotzaileak) antzerkia aurkeztuko du urriaren 9an, Larreko kulturgunean (20:00). Ikusgarri honen bitartez zonbait minbiziren buruz ditugun detekzio azterketak aipagai izanen dira, adibidez bularra, umetokia edo hertze lodiaren minbizia. Nola? Irriaren medioz hurbildu osagarriko gai minberatsuak, intimitatea hunkitzen dutena. Oren bat irauten duen emanaldia urririk eskainia zaigu, bada zer ikasi.
Ibarrungo bestak
San Mikelen ospakizunak bukatu bezain laster datorrenei begira ezarriak dira gazte komitekoak. Bilan baikorra, aroa ezin gozoagoa eta ekitaldi guziak ongi joan dira nahiz sentitu den publikoaren aldetik apaltze bat bereziki igande arratsaldeko animazioetan. Ostiraleko mus txapelketak bestei hasiera eman ondoan, larunbateko ohiko txerrikumearen dastatzean 860 kidek parte hartu dute giro alai batean, asteleheneko paellan aldiz bertze 100 bat hurbildu dira.
Xistera arrosa kolorean
Urri arrosa kolorean lemarekin, minbiziaren kontra sortzen diren ekitaldien sustatzeko, “Adinekoen” elkarteak sekulako lana eraman du, bere emazteen esku trebeek landurik, Artziringo biribilguneko xixtera erraldoia arrosa kolorez bestitu dute. Izugarriko obra horrendako, 20 zentimetroko 1.500 lauki elkarri josi dituzte hamarna eskuk, pazientzia galdu gabe. Eskerrak zuen lanagatik.
Kantu eta dantza ikusgarria
Larreko kulturgunean, gaitzeko ikusgarria eskainia zaigu Zaldubi ikastolaren ekimenez, igande arratsaldean, urriaren 11n (17:00). Haurrock, haurren kantu talde miresgarria baita Zarena Zarelako dantzari tropa ongi ezaguna Senperen, oholtza gainean aurkituko ditugu. Ikusgarria ondoren jateko eta edateko nasaiki. Prezioa: 12€ (helduak), 12€ (10+), 8€ (3-10) eta 3 urtepekoentzat urririk. Erreserba: helloasso/senpereko-ikastolaren-adixkideak baita lekuan bertan.
Bertso saioa ostiralean
Urtero usaia duen bezala, Lapurdi 1609 elkarteak bertso saioa antolatzen du, urriaren 9an Sanoki ostatuan (19:00). Maddi Ane Txoperena Xilabako txapelduna eta Xabat Illarregi Nafarroakoa arituko dira eta hauekin bi bertsolari gazte. Dudarik gabe giro goxoa izanen dela horiek entzutean baita ondoko pintxo-poteoarekin. Huts ezina bertsozale baita ikusminez hurbilduko direnentzako.
Ekitaldiak nahas-mahas
Oroimena akuilatzeko eta beregaintasuna begiratzeko, 3 saio antolatuak dira urriaren 13, 20 eta 27an, Destination Multimédia Sud-Ouest elkartearen eskutik, GEUZarekin lankidetzan, 65 urtez goitikoendako, tailer numerikoak erabiliz. Xehetasunak: zure-memoria-bizkortu.pdf. Urriaren 15ean, Turismo Bulegoak antolatuko bisita gidatua izanen da, mitologia eta sorginkeria aipagai (11:00). Xehetasunak turismo bulegoan edo 05-59-54-11-69 zenbakira deituz. Ostegun arratsean, mediatekan, aperitifa-irakurketa gaualdia izanen da “sartze bat… literatura sartzean” lemarekin, urririk (19:30). Eleberriak, liburu dokumentalak, gazteendako albumak eta testu irakurriak aurkeztuak izanen dira, eleberri idazle batzuen parte hartzearekin.
Iraileko sortze eta heriotzak
Horra zer seinalatua izan zaigun. Sortzeak: Guillaume Noah, Martinez Noa eta Arrachart-Ozcoidi Gorka. Heriotzak: Mondeteguy sortzez Passicot Nicole 91 urte, Cattelan sortzez Chevallier Monique 70 urte, Mestelan Dominique 65 urte eta Lazcano Peio 73 urterekin. Dolumin bizienak hauen famili eta adixkidei.
Errugbia
Zauritu andanarekin bukatu da partida eguna Senperen. Benejacq taldearen kontra, erreserba taldeak galdu du 25-27 eta lehen taldeak berdindu 29-29, suhiltzaileak Benejacq-eko jokalari baten bila etorri behar izan ondoan. Datorren asteburua pausatzeko aprobetxatuko dute jokalariek eta urriaren 18an Saint-Martin-de-Seignanxen ikusiko ditugu gure beltz eta berdeak.





