Euskal diaspora | 2026ko Urriaren 08a

Rocklin-eko Piknik, NABO bilkura eta Kantari Eguna; Las Vegaseko Piknika; eta Euskal Aste Nazionala Villa Marian

Joseba Etxarri

Rocklin eta Las Vegaseko Euskal Bestak eta Villa Mariako Euskal Aste Nazionala.
Rocklin%20eta%20Las%20Vegaseko%20Euskal%20Bestak%20eta%20Villa%20Mariako%20Euskal%20Aste%20Nazionala.

ROCKLIN, KALIFORNIA. Urtero urriko bigarren asteburuan egin ohi dira Estatu Batuetan euskal piknik sasoiko azkeneko bi euskal bestak, Kaliforniako Rocklin-en eta Nevadako Las Vegasen, eta hala gertatuko da heldu den asteburuan ere, ebiakoitzean, urriaren 10ean, Rocklin-eko Iparreko Ibarra Euskal Etxeak bere piknika eginen baitu Lincoln herrian; eta urriaren 11n, Las Vegaseko Lagun Onak Euskal Etxeak berea, Mountain Ranch State Park-en. Larunbatean, lehenik, goizean goiz, bilkura eginen dute NABO federazioko euskal etxeek. Eta ber denboran, Mus Txapelketa hasiko hainbat mus bikotek. Gero bazkariaren, eta ondoren NABOren 2026ko Euskal Kantari Eguna, zale guztiek parte hartzen ahal dutelarik, kantua eta bertsoa protagonista, klika eta bertako haur dantzariak ere heien partea eginik. Hirian txinga-eremaitea (16:00), ardiki eta oilasko afaria eta zozketak (18:00); eguna dantzaldiarekin bururatzeko, Fresnotik jin Izen Gabe taldearen musikapean. Besta ederra izan ohi da, antolatzaile-lan bikaina eginik Iparreko Ibarra-ko lagunek!

LAS VEGAS, NEVADA. Igandean, Las Vegaseko 45. Euskal Bestaren tenorea izanen, hiriko Lagun Onak EEaren eskutik. Aita Anttonek eman mezarekin hasiko da eguna, euskaraz eta ingelesez (11:00). Online zuzenean segitzen ahal da facebook.com/BasqueCatholic helbidean, EHko 20:00etan); ondotik akordeona eta jendea euskal kantu zahar eta berriak kantatzen manera herrikoian, segidan bazkaria, eta ondotik mus partidak eta dantza akordeon musikarekin, hori parke publikoko bortak hesteko tenorea heldu arte. Hemen ere merezimendu franko Euskal Etxekoek, Amaya Beristain buru.

VILLA MARIA. Eta jauzia Argentinara, aste honetan ari baitira ospatzen Córdoba-ko Villa Maria herrian, bertako Euzko Etxea antolatzaile, Argentinako Euskal Aste Nazionala. Ekitaldiak astelehenean abiatu ziren, goizeko 8etan ikurrina goitituz Euzko Etxeko masta nagusira, baina egiazki ostegunetik aitzina heldurik jende gehien, sagardotegi afaria lagun, Maral talde euskal-argentinarra musikari; ostiralean, hainbat ekitaldi, batzuk instituzionalak, Eusko Jaurlaritzako Ibone Bengoetxea lehendakariordea buru duen ordezkaritza partaide izanen baita, Herriko Etxean eta Unibertsitatean, eta liburu aurkezpenak, mus bilkura, herri kirolak, abesbatzen emanaldia, esku huskako desafioa, musika eta dantza kontzertua, eta afari eta erromeria; larunbatean, esku pilota, FEVA bilkura, dantza taldeen bilkura, mintzodromoa, formakuntza tailerrak, liburu aurkezpenak, danborrada, Gaualdi artistikoa, afari eta erromeria; eta igandean, azkenik, dantzarien bilkura jendetsua erreka bazterreko pasealekuan eta dantzarien erakustaldia karrikan guztiak elkarrekin, eta bazkari erraldoia, aurtengo hitzorduari azken agurra emateko. Segituko dugu kronikekin ondoko asteetan.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3852. zbk

Gure Hitza | 2026/10/08

Politika solas

Jean-Louis Harignordoquy

Politika hoietan gezurra nasaiki

Euskal Herriak badu gaur hortarik aski.

Kopla hori Larreko zenaren pertsuetatik hartua da, eta hain ederki kantatzen duten Brave-Bessonart-ek doinu berriz apaindua. Senpereko pertsu idazle maitagarriak bere sendimenduak adierazten zituen sinpleki, denek ulertzeko gisan. Politika gauza baliosa da zintzoki jendartearen ongia bilatzean oinarritzen delarik. Orotan betidanik izan dira politikari onak. Halaber, politikero txarrak, bere denboran Larrekok pertsuen bidez erran zigun bezala.

Heldu den urtean izanki Frantziako buruzagi berria hautatzeko bozak, bulta huntan bazterrak berotzen hasiak dira. Naski bi eskuetako erhietan konda ahala baino hautagai gehiago badiren den tenorean oraino, denak mirakuiluen egiteko gai balire bezain harro. Hots, pertsona bakarra erresuma osoaren salbatzaile izan balitaike bezala. Harek izendatzen du lehen ministroa, eta honek bere aldetik gainerateko sailburuak. Presidentearen gain dira...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016