Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Urriaren 08a
Heptameronaren irakurketa publikoa Donapaleun eta Saioa Alkaiza nagusi Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Donapaleuko saioan
Heptameronaren irakurketa publikoa Donapaleun
Joan den buruilaren 26an, Zabalik elkarteak Iruñeko Nafar Ateneoa elkartea gomitatu zuen Margarita Nafarroakoaren Heptameron obraren 6. liburukiaren irakurketa egiteko Donapaleun. Bost mende geroago, literatur obra bizi, bitxi eta bixi-bixia izaten segitzen du. Margarita, Nafarroako erregina, ernazimentuko figura bat da, eta umore eta arraileria dosi on batekin deskribatu ditu bere garaiko gertakariak. Nobleen eta elizgizonen inpunitate eta gehiegikeriak kontatzen dizkigu, beren peko jendeen bortxaketa, erailtze eta mota guzietako jukutrien arrosarioa biribilkatuz. Badu 6 urte Nafar Ateneoak urtero liburuki baten irakurketa antolatzen duela, eta datorren urtean eginen da zazpigarren eta azkena. Donapaleura jitea ez zuten hutsegiten ahal eta 50 bat irakurle aldizka igan dira taula gainera 3 oreneko iraupenean. Ondotik bazkaldu ziren, Nafarroa eternalari kantu zonbait eskaini, eta hiri zaharraren bisita batekin eguna bururatu. Zabalik elkarteak eskertzen ditu irakurle eta entzule guziak, Donapaleuko Herriko Etxea eta auzapeza ekarri laguntzarentzat, ahantzi gabe bere lankide izan diren Nafar Ateneoko adiskideak. Urtetik urtera, amikuztar hauek gure historiako gune ahantzi edo gordeak deskubriarazten dizkigute. Entzun dugunez, beste urterako, gertakari zerbait prestatzen ari omen dute... Adi egonen gira!
Saioa Alkaiza nagusi Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Donapaleuko saioan
Donapaleun iragan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko laugarren saioa joan den ibiakoitzean, urriaren 3an, Airetik salan. Sei bertsolari iragan dira taularen gainera 450 bat behatzaileren aitzinean: Eneko Lazkoz Martinez, Iñaki Viñaspre Simon, Maider Arregi Markuleta, Oihana Iguaran Barandiaran, Saioa Alkaiza Guallar eta Sarai Robles Bitas. Saioa Alkaiza Guallar nagusitu da giro ezin hobean. Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan parte hartuko du urriaren 24an.





