Azalekoa | 2026ko Urriaren 15a
Errugbia norberaren erritmoan
Irati Esparza Guimon
Jean-Dauger kirol eremuan, giroa partidaren plazeraren parte da zale anitzentzat. Kantuak, oihuak, jendetza eta argiak, ordea, oztopo bilaka daitezke behar sentsorial bereziak dituzten ikusleentzat. Horien artean, haur autista batzuek eta haien familiek zailtasunak izan ditzakete partida bat harmailetatik segitzeko. Haiei ere estadioaz gozatzeko aukera emateko, Aviron Bayonnais taldeak “Sensory Room” izeneko lasaitzeko gunea ezarri du, Immersion egitasmoaren baitan.
Zerbitzua irailaren 5etik etxeko partidetan erabiltzeko iragarri zuen klubak. Top 14an lehen aldia da talde batek horrelako dispositiboa denboraldi osoan eskaintzeko engaiamendua hartzen duela. Baionan, 2026-2027ko sasoiaz harago ere segitzeko asmoa dute.
Harmailetara itzultzeko geltokia
Partidan zehar atseden hartzeko beharra sentitzen dutenek gelara joateko aukera dute, eta lasaitu ondoan beren tokira itzul daitezke. Bakoitzak bere erritmoan erabiltzeko pentsatua da gunea: partida guzia toki berean pasatu behar izan gabe, estadioan egoten segitzeko aukera eskaintzen du.
Gelaren antolaketaz gain, laguntza ere bada egitasmoaren oinarrian. Ibilbide egokitu batek eta bertan diren laguntzaileek errazten dituzte harmailetatik gelarako joan-etorriak. Horrela, familiak badaki nora jo giroa gehiegizkoa bazaio haurrari. Zarata, mugimenduak edo ustekabeko gertakariak direla medio, irteera laburtu behar izaten dutenentzat, baldintza horiek aldea egin dezakete.
Rugbyrama hedabideak urriaren 6an argitaratutako erreportajearen arabera, hamar haurrek eta haien hurbilekoek balia dezakete zerbitzua etxeko partida bakoitzean. Gunea Stade Français taldearen kontrako norgehiagokaren aitzinean inauguratu zuten ofizialki.
Hedabideak Angéliqueren bizipena bildu du. Haren hamar urteko semeak arreta eskasiaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua du, eta amak atseden hartzeko eta elkarrekin une bat partekatzeko aukera ikusten du gelan. Bereziki aipatu du bertze familiak bezala estadioan egotearen poza. Lekukotasunak egitasmoaren alde konkretua erakusten du: haurraren beharrak kontuan hartzeak familiaren irteera osoa erraz dezake.
Iraupenean finkatu nahi duten harrera
Aviron Bayonnais taldearen dotazio funtsak bultzatu du proiektua, Immersion kolektiboarekin eta Malakoff Humanisen sostenguarekin. Stéphane Iralour funtsaren lehendakariaren arabera, klubaren harrera moldea epe luzera aldarazteko borondateari erantzuten dio ekimenak. “Ikusle bakoitzak bere tokia aurkitzea” du xede, “haren berezitasunak edo laguntza beharrak edozein izanik ere”.
Malakoff Humanisek zazpi urte daramatza funtsarekin lanean, desgaitasunen bat duten edo egoera zaurgarrian diren pertsonen kirolerako eta bizitza sozialerako sarbidea sustatzeko. Elkarlan horretan kokatzen dira, bertzeak bertze, oinezko errugbia eta Euskal Herrian abiatu “Sport & Handicap” proiektu deialdia. Gela sentsorialarekin, zelaian aritzeaz gain, ikusle gisa kirol ekitaldietan parte hartzeko baldintzei ere erreparatzen diete.
Bertze estadioetara hedatzeko asmoa
Immersion 2025ean abiatu zen Paris FC futbol klubarekin, Jean-Bouin estadioan. Kolektiboak elkarteen jakintza eta familien esperientzia uztartzen ditu; partaideen artean dira Big Impacts, Maia Autisme eta Autistes Sans Frontières. Kirol eta kultura ekitaldietan behar sentsorialak hobeki kontuan hartzea dute helburu.
2028 bukaerarako 40 gune hornitzea dute xede, nagusiki Top 14an eta Ligue 1ean. Baionaren ondotik, Stade Français izan liteke urratsa egiten duen hurrengo errugbi kluba: jakinarazi dutenez, urri hondarrerako aurreikusia dute beren gela sentsoriala ezartzea.





