Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2026ko Urriaren 15a
Heriotze eta Erberua elkartean
Heriotze
Kauliteiko Daniel Duhart laboraria urriaren 1ean zendu da 67 urtetan. Berri hits honek denak harritu ditu, bezperan Mayi Etcharten ehorzketetan izana baitzen. Tresna baten bila jin den laborariak du hila kausitu etxe ondoan. Itxura guzien arabera, abere piza zilorat erori ardi bat ezin ateraz arizana zen. Horko gas itogarria irentsirik ala bihotzekoak jorik zendu den, ez da jakinen.
Danielek zorigaitza ezagutu zuen gazterik, 8 haurridetan zaharrena, 13 urtetan galdua zuen aita Xermin, amarekin belarretan ari zelarik ortziak errea. Ama eta amatxiren ondoan goizik etxaldearen segida hartu zuen familiako aita ordea bilakatuz. Gizon goxoa zen, laborari langilea eta zintzoa.
Urriaren 6an iragan dira ehorzketak, elizaren bete jende bildurik, horietan anitz laborari,
azken agur beroa kantatzeko. Ofizio emailea Xipri Arbelbide zen eta musikaria Marie-Rose Arotçarena.
Evelyne bizi-lagunari, Solange, Geneviève, Jeannot, Michel, Marcel, Christian eta Vincent haurrideei, koinata eta ilobei bai eta ahaidekoari dolumin sentikorrenak eskaini nahi dizkiegu.
Erberua elkartean
Laguntzaileak bilatzen dituzte urriaren 25ean igandez beharra den “Izturitze Rando”ren antolakuntzarako bai eta azaroaren 9an hasiko den palazko pilota lehiaketarentzat: ostatuaren atxikitze, epaile eta beste. Horretarako Christian deitu: 06-83-45-64-31. Zerbaitetako nahikaria duten guziak ongi etorriak dira.




