Herriz Herri - Azkaine (L) | 2026ko Urriaren 15a
Ikastolaren egoitza berriaren estreinaldia, Otsoaren Deia mendi lasterketa eta RD 918 errepidean obrak, bide berdea osatzeko
Ikastolaren egoitza berriaren estreinaldia
Azkaingo ikastolaren egoitza berriaren estreinaldia ospatuko dute urriaren 17an, larunbatez (11:00-16:00). Ikastolako kideentzat urrats garrantzitsua izanen da, eta egun berezi hori herritarrekin eta ikastolaren lagunekin partekatu nahi dute. Guziei gomita luzatzen diete ospakizunera hurbiltzeko.
Otsoaren Deia mendi lasterketa
AS Elgarrekin elkarteak Otsoaren Deia mendi lasterketa antolatuko du urriaren 17an, Azkainen. Bi ibilbide proposatuko dituzte: 11,5 kilometrokoa, 500 metroko desnibel positiboarekin, eta 31,7 kilometrokoa, 1.900 metrokoarekin. Izena PB Organisation webgunean eman daiteke; aitzinetik izena emanez, ibilbide laburrak 20 euro balio du eta luzeak 40 euro.
RD 918 errepidean obrak, bide berdea osatzeko
Irailaren 21ean abiatu obrak direla eta, RD 918 errepideko zirkulazioa txandaka egiten da Irrintzi baserriaren inguruan, egun eta gau, asteburuetan ere. Departamenduak ibaiertza eta errepidearen ezponda sendotuko ditu, eta Azkaine Donibane Lohizunerekin lotzen duen bide berdearen azken 200 metroak eginen ditu, oinezkoen eta txirrindularien ibilbideari segida emateko. Lanak abendu erditsuan bururatzea aurreikusia da, eguraldiaren eta obraren aitzinamenduaren arabera.




