Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Urriaren 15a

Euskoak erabiltzeko leku berri bat herrian, Odolki kantu afaria eta Klima Astea

P. L.

Euskoak erabiltzeko leku berri bat herrian

Badugu toki berri bat gure euskoak erabiltzeko Bardozen. Izan ere, Chez Juju ostatua, instalatu zenetik asmoa bazuen ere, berriki sartu da monetaren sarean, eta horren bidez tokiko ekonomia sustatzen du, baita trantsizio ekologikoa, euskara, elkarteak, eta laborantza herrikoia. Goresmenak Juju, agian zure jestuak beste komertsanteei jauzia egiteko gogoa emanen die!

Odolki kantu afaria

Aturri Ondo Kantuz antolatu eta gero, Bardozen Kantuz elkarteak odolki kantu afari bat proposatzen digu orain, urriaren 16an, Salha jauregian (20:00). Ongi jateko eta kantatzeko okasio paregabea da! Elkarteak 25 euroko menua proposatzen digu: zerriki, axoa, gasna, deserta, kafe eta arnoa barne. Izena emateko, Nicole deitu 06-88-83-52-12 zenbakira.

Klima Astea

Pasa den astean, elkargoak antolatzen duen Klima Astearen kari, “La rivière” izeneko filma proiektatua izan zen zineman. Dokumental horrek erakutsi zigun nola gizartearen aktibitateek, izan laborantza intentsiboak edota industriak, Paueko uhaitza eta beste errekak trabatzen eta kutsatzen dituzten. Ura desagertzear dago leku anitzetan, uda honetako idorteak erakusten digun bezala, eta ez bada hala bere kalitatea ttipitzen da, amuarrainen eta izokinen kopuruaren apaltzeak erakusten digun bezala.

Film horrek eztabaida piztu zuen han ziren jendeen artean, bereziki jakiteko zer egin dezakegun dinamika hori gibelatzeko. Bardozeko eta Gixuneko auzapezek hitza hartu zuten, baita Natura 2000 Biduzeren misio-karguduna den Celia Daudék ere, azaltzeko plantan ezarri zituzten neurriak errekak babesteko. Ondotik, Hazparneko Armand David laborantzako lizeoko lau ikasle, espezie inbaditzaileari buruzko aurkezpena egin ziguten. Esplikatu ziguten nola japoniar biper-belarra, phytolacca americana, ludwigia eta panpa-belarra arriskutsuak izaten ahal diren gure fauna eta florarendako, eta horren kontra nola borrokatu. Biharamunean ikasleek haien kontseiluak gauzatu zituzten Gixunen, panpa-belarra kentzeko egun erdi bat antolatuz.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3853. zbk

Gure Hitza | 2026/10/15

Arrosatik harago

Irati Esparza Guimon

Urrian, arrosa agertzen da gure herrietako afixetan, erakusleihoetan eta kirol hitzorduetan. Ipar Euskal Herrian ere, bularreko minbiziaren inguruan elkartzeko eta solastatzeko parada eskaintzen du hilabete honek. Ikusten diren keinu horien gibelean, ordea, badira gutiago ikusten diren bizipenak: azterketa baten emaitzaren beha egotea, diagnostiko bat entzutea, hurbileko bati nola erran ez jakitea. Arrosak badu indarra, bizipen horiei tokia egiten badie.

Emazte gazte gisa, kanpaina horri begiratzean, galdera bat heldu zait: zer toki ematen diogu gure osasunari eguneroko bizian? Lana, familia, eginbeharrak, bertzeen beharrak... Geure buruari entzutea geroko uztea erraza da. Ez dugu, halere, kezka hori emazteen ardura pertsonal hutsera mugatu behar. Informazioa ulergarria izatea, galderak egiteko konfiantza ukaitea eta artarako bidea aurkitzea ere kolektiboki bermatu beharrekoak dira.

Horretan, hurbiltasunak badu garrantzia....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016