Hegoaldean | 2026ko Urriaren 15a
Maricarmenen lurrikara politikoa: “Kuraia, borrokara!”
Pablo Joxe Aristorena
Hego Euskal Herriko eta Espainiako hedabide orok, gorriak zein xuriak, eta Europan nahiz mundu zabalean ber gisan, nork ez du eman Mari Carmen Abascal anderearen heriotzaren berri!
Bere ingurukoek baizik ez zuten ezagutzen Mari Carmen buruilaren 23a arte. Egun hortan, Espainiako polizia, epailearen aginduz, Mari Carmen bizi zen etxean bortxaz sarturik, etxegabetu zuten eta Madrileko Gregorio Marañon ospitaleko erizainek anbulantzian eraman. Bi asteren buruan, hantxe, ospitalean pausatu da. Ondotik, eta guztia bi egun barne, Pedro Sanchéz, Espainiako lehen ministroak etxebizitzaren kalapitaren beroan hauteskundeak deitu ditu. Nolazpait, Mari Carmen etxetik atera zuten irudia ikur bilakatu da: etxebizitza eskubidearen eta alokairu duin eta iraunkorren ikurra. Ondorioz zer gertatu da? Gizartearen zati handi bat oldartu, erakundeak krisira eraman, botere legegilea eta gobernua blokatu,… Eta urrunago joanez oraino, Espainiako Asanblea Nazionala eta Senatua osatzeko hauteskundeak deitu dira. Ospitalekobere ohantzetik, hil aitzin, Mari Carmenen “¡Valor!, ¡Luchad!”, hots, “Kuraia! Borrokara!” deiari erantzunez milaka lagun atera dira kalera. Euskal Herrian ere.
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan etxebizitza politikaren kudeaketa bertze gisa batez egiten da, omen. Madrilen piztu den suak, alabaina, bazterrak berotu ditu iduriz, partikularki, Madrileko burrunbak. Izan ere, Mari Carmen Abascal hil bezperan, urriak 6an, Bilboko Atxuri auzoko, Ortutxueta karrikako 3. atarian, 82 urteko andere bat, Esther izenekoa, “Alokabide” erakunde publikoak pusaturik, epailearen aginduz, Ertzaintzaren zaintzapean eta erizainek anbulantzian sarturik etxegabetu dute. Eta Estherren etxegabetzea, Eusko Jaurlaritzako, aipatu “Alokabide” etxebizitzen alokairu soziala (Frantziako Office HLM antzekoa) kudeatzen duen erakundeak pusatu du. Eusko Jaurlaritzako Etxe Bizitza Sailaren burua, Denis Itxaso González da, PSE-PSOE-ko kidea. Itxaso jaunaren baimenarekin, Esther anderea bere etxetik ateratzen zuten tenore berean, hain xuxen, urriaren 6an, goizeko 9:30etan, Madrilen, Pedro Sánchez lehen ministro sozialistaren Gobernu Kontseiluak etxegabetzeen aurkako bi dekretu berri onartu ditu. Gauzak horrela, hauteskunde kanpaina atarian, CC.OO., UGT, ELA, LAB, CGT eta CIG sindikatuek greba orokorrerako deialdia adostu dute azaroaren 11rako etxebizitzen espekulazioarekin amaitu eta alokairuen neurtzeko.





