Han eta Hemen | 2026ko Urriaren 15a
Euskara jakitetik euskaraz bizitzera
Irati Esparza Guimon eta Kanaldude
Euskal Konfederazioak deitutako manifestaziora arte, hainbat herritarren lekukotasunak plazaratuko ditugu Herria astekarian, Euskal Hedabideekin elkarlanean. Euskararekin duten harremana, eguneroko bizipenak eta euskaraz bizitzeko aurkitzen dituzten oztopo eta nahiak partekatuko dituzte irakurleekin.
Aldudeko ibarrean, haur anitz euskaraz jakinez sartzen dira eskolara. Handitu ahala, ordea, lagunen artean frantsesera jotzen dute gero eta gehiago. Joana Biscay irakasleak egunerokoan ikusten duen bilakaera da: euskara ikasgelan edo etxean atxikitzen dute, baina beren arteko harremanetan lekua galtzen du. Hizkuntza maila desberdinak izan arren, gehienek badakite euskaraz; erabilera da kezka nagusia.
Ohitura horietan eragiteko, irakasleek euskarazko proiektuak proposatzen dituzte urtero, kanpoko eragileekin ere lan eginez. Kultur jardueren bidez, hizkuntza lantzea eta biziaraztea dute xede. Aire hartzeetan ere urratsak egin dituzte: formakuntza baten ondotik, irakasleekin jostatzeko memento bereziak antolatu dituzte, euskara jokoaren erdian ezartzeko. Joana ohartu da giro egokia eta euskaraz aritzeko goxotasuna eskainiz, haurrak hizkuntza horretan mintzatzen direla. Ikasgelatik kanpo erabiltzeko aukerak sortzeak badu, beraz, eragina. Eleaniztasuna aberastasun handitzat ikusten du, baina euskarak ere bere lekua behar du eguneroko harremanetan.
Etxeetan ere egoerak askotarikoak dira. Guraso batzuek ez dute beren burua aski gai sentitzen euskaraz elkarrizketa baten eramateko. Bertze batzuentzat erabilera naturala da, baina ez dute baitezpada gogoetatu hizkuntzari zer toki eman nahi dioten familian. Badira haurrek euskaraz segitzea nahi dutenak ere, horretarako baliabideak edo egiteko moldeak eskas dituztenak. Borondatea izatea ez da beti aski, egunerokoan nola jokatu jakitea ere beharrezkoa baita.
Gazteek euskara jakin beharra
Eskolari begira, euskarazko irakaskuntzak arreta berezia behar duela azpimarratzen du Joanak. Irakasle kopurua zaintzea eta ordezko euskaldunen postuak segurtatzea eskatzen du, baita geletako ikasle kopuruari kasu egitea ere. Iaz ikasle anitz eta bost maila zituen gela berean, eta baldintza horiek ez zaizkio onargarriak iruditzen. Hizkuntzaren aldeko nahia baliabide zehatzekin lagundu behar dela ageri da haren lekukotasunean. Murgiltzea eredu emankortzat dauka, eta haren hedapena zabaltzearen alde egiten du.
Etorkizunari begira, gazteek euskara jakitea indargunea da, baina adinarekin erabilera ttipitzeak kezkatzen du. Horregatik, euskararen aldeko ekintzak eta hitzorduak biderkatzea beharrezkoa ikusten du, kontzientzia pizteko eta hizkuntza biziarazteko. Koofizialtasuna ere ezinbestekotzat jotzen du, euskarak plaza publikoan bere tokia izan dezan. Ibarrean euskarari indar ematea du xede, haurrentzat ikasteko hizkuntza izateaz gain, lagunekin bizitzeko hizkuntza ere izan dadin.






