Ba ote dakixu? | 2026ko Urriaren 15a

Verdungo bataila (3/6)

Gilen Bacho

Frantses soldadu zenbait, trantxada batetik jalgitzen, Verdungo batailaren denboran.
Frantses%20soldadu%20zenbait_%20trantxada%20batetik%20jalgitzen_%20Verdungo%20batailaren%20denboran.

Azkenean, otsail hasieran, luzaz dudan egon ondoan, Joffrek alemaniarrek Verduni buruz atakatuko zutela ulertu zuen. Orduan indar berriak igorriak izan ziren Verdungo gotortu lurraldeari buruz. Adibidez, 20. armada gorputza Bar-le-Duc-etik Verdunera igorria izan zen, baina bakarrik otsailaren 10ean, eta hiru dibisio berri heldu ziren Verdunera otsailaren 12 eta 20aren artean.

“Hondamena litzateke”

Berant zen eta, normalki, berantegi, alemaniar erasoa otsailaren 12ko programatua baitzen. Baina euri hormatuak, izotz lainoak eta negu erauntsiak ofentsiba debekatu zuten. Horrek balio handiko denbora eman zuen frantsesei, Dugny jeneralak, otsailaren 19an, erran zuen bezala: “Erortzen den euria urrea da guretzat”. Frantsesek balio handiko zortzi egun irabazi zituzten defentsa prestatzeko. Alemaniar erasoak fronteko lehen lerroen gainera obus-zaparrada ekarriko zuela jakinik, frantses manamenduak tropa gehienak lehen lerroetatik gibeleko lerroetara eramatea erabaki zuen, gizon gutiago sakrifikatzeko, horregatik kilometro zenbait galtzen baziren ere, ez zirenak erabakigarriak militar mailan. Baina 1916an, 1918an ez bezala, ez zen frantses manamenduaren doktrina eta ez ere gobernuaren nahia, politika maila batez ez baitzen pentsatzen ahal ere Verdun alemaniarrei uztea. Aristide Briand, gobernuko presidentearen ikusmoldea argia zen: “Garrantzitsuena da Verdun ez galtzea, hori hondamena litzateke!” Orduan, Verdun defendatu behar zen, gostatzen dena gosta.

“Jainko maitea, zer da hori?”

Otsailaren 20an, haizeak hodeiak baztertu zituen eta eguzkia agertu zen. Alemaniar erasoa piztu ahal izan zen eta biharamuneko programatu zen, alsaziar desertore batek konfirmatu zuen bezala. Otsailaren 20tik 21era bitarteko gauean, 4etan, lehen obus batek Verdungo katedrala hunkitu zuen. Baina, egiazko erasoa 7etako programatua zen. Gau hartan hormatu egin zen, eta elurrak, bere mantu zuria zabalduz, garbitasun eta baretasun sentsazioa sortu zuen. Kontrastea harritzekoa zen heldu zen sarraskiarekin. Mementoan, Jacquand koronelak, Verdunen zena, “edertasun horrek harategia erraztu eta abiaraziko” zuela pentsatu zuen. Alemaniar obus-zaparrada 7ak eta laurdenetan hasi zen. Infernuko uholdea erori zen frantses lerroen gainera. Marc Stéphane soldaduak, idazle zena ere, ikusi zuena hitz hauekin deskribatu zuen: “Izugarriak, hezurrak dardararazten dituzten leherketak; badirudi lurra erabat irauli eta erraietaraino astinduko dutela. Jainko maitea, zer da hori?” “Hori”, gizateriaren historiako erasorik lazgarriena izan zen. Otsailaren 21eko egunean bakarrik, milioi bat obus frantses lerroetara buruz botatua izan zen, hamar orenez, gelditu gabe! Falkenhayn-en helburua zen bizitza forma guziak suntsitzea frantses lerroetan. Baina, harritzekoa izanez ere, helburua ez zen lortua izan. Bere gerla memorioetan, Kronprinzak, alemaniar enperadorearen semeak, bere sorpresa adierazi zuen: “Bonbardamendu izugarri hori ikusiz, nehork ez zezakeen asma frantses trantxadetan oraindik bizirik zegoen gizon bakar batek eusten zuenik”. Alta, frantses soldadu zenbait oraino bizi ziren eta alemaniarrei buru egingo zuten.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3853. zbk

Gure Hitza | 2026/10/15

Arrosatik harago

Irati Esparza Guimon

Urrian, arrosa agertzen da gure herrietako afixetan, erakusleihoetan eta kirol hitzorduetan. Ipar Euskal Herrian ere, bularreko minbiziaren inguruan elkartzeko eta solastatzeko parada eskaintzen du hilabete honek. Ikusten diren keinu horien gibelean, ordea, badira gutiago ikusten diren bizipenak: azterketa baten emaitzaren beha egotea, diagnostiko bat entzutea, hurbileko bati nola erran ez jakitea. Arrosak badu indarra, bizipen horiei tokia egiten badie.

Emazte gazte gisa, kanpaina horri begiratzean, galdera bat heldu zait: zer toki ematen diogu gure osasunari eguneroko bizian? Lana, familia, eginbeharrak, bertzeen beharrak... Geure buruari entzutea geroko uztea erraza da. Ez dugu, halere, kezka hori emazteen ardura pertsonal hutsera mugatu behar. Informazioa ulergarria izatea, galderak egiteko konfiantza ukaitea eta artarako bidea aurkitzea ere kolektiboki bermatu beharrekoak dira.

Horretan, hurbiltasunak badu garrantzia....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016