Mundu zabalean | 2026ko Urriaren 15a
Savoiako gasna ekoizleak autobide baten erdigunean
Menane Oxandabaratz
A412 autobide berriaren ibilbideak Savoia-Garaiko (Haute-Savoie) etxalde andana bat kaltetuko ditu, bereziki Reblochon gasna ekoizleak. Irail hastapenean obrak hasi dira, badu hilabeteak proiektuaren kontrakoak mobilizatuak direla.
A412 autobidearen proiektua
Amedea enpresak eta Estatuak 2024ko urrian autobidearen proiektua eraikitzeko kontratua izenpetu zuten, 340 milioi inguru kostako dena. A412ren ibilbidea 16,5 kilometroko autobide proiektua da, Machilly eta Thonon-les-Bains artean 12 herri zeharkatuko dituena, irailaren lehenean obrak hasi dira.
Laborantza eremu horretan Montbéliarde, Abondance eta Tarine behi arrazak soroetan alhatzen dira. Savoiako Reblochon Jatorriz Babestutako Izendapena (AOP) proiektu horren eremuaren erdian da, esnea ekoizten duten 500 bat etxalde kontatuak dira eta 18 gasnategi.
Bide proiektu berri horrek laborantza sektorea mehatxatzen du, pala mekanikoak lanetan hasiak dira. Guneak ez ditu soilik oihanak eta hezeguneak kaltetuko, baina bai laborarien funtsak, behiak eta zaldiak hazten dituzten belardiak ere suntsituak izanen baitira.
France Nature Environnement egituraren arabera, 70 hektarea laborantza lur desagertuko dira, horietan AOP Reblochon de Savoie gasna ekoizleenak. Laborarien ihardukitzeetan irakurtzen ahal da: “Ibilbideak 33 baserri zuzenki suntsituko ditu, horietan 27 esne-ekoizle. Kalkuluak egin ditugu: hektarea batek urtean 1.500 Reblochon gasna ekoitzi ditzake, beraz 100.000 gasna gutiago izanen dira. Apelazioa atxikitzeko arazoak ukanen ditugu, baita Europako laguntzak (PAC)”.
Autobideak inguratutako baserriak
Galtze handia laborantza sektorearentzat, esnea salduz bizi diren laborarientzat, baita etxeko gasna zuzenean ekoizten dituzten 120 etxaldeentzat. Laborari zenbaitzuk lur zati batzuk galduko baldin badituzte, beste batzuek beren aktibitatea gelditu beharko dute, beren etxaldeetatik kanporatuak baitira. A412aren ibilbidearen arabera, baserri batzuk autobidearen eta azpiegituren instalazioen artean inguratuak izanen dira. Paga-gune, urmael eta auto aparkalekuak baserrien ate ondoan izanen dira. Lanerako trabatuak izanen dira, kabalak ateratzeko pasabideak ez dira gehiago erabiltzen ahalko, ondorioz behiek erabiltzen dituzten belardietara ezingo dute bazkatzera joan. Bide heste horrengatik laborariak behartuak izanen dira kilometroen egitera pentze horietara hurbiltzeko. Egoera guziz korapilatsua, laborari zenbaitzuk ez badira beren bizitegietarik eta barrukietatik kanporatuak, ezin dituzte funtsak erabili, etxaldea zulo batean gelditzen baita.
Kontrakoak antolatuak
Irailaren 1ean obrak hasi zirenetik, aurkakoak egunero mobilizatzen dira makinen aurrerapena atzeratzeko. Batzuek oihana okupatu nahi ukan dute. Polizia etorri da aktibistak kanporatzeko, batzuetan gas negar-eragilea erabiliz, zenbaitzuk arrastatuak izan dira eta poliziaren zaintzapean ezarriak izan dira. Herritarrek eta ingurumenaren defenditzaileek eraikuntzarako erabiliak diren ibilgailuen pasabidea oztopatzen dute.
Arlo juridikoan, A412 errepidearen eraikuntzaren kontra, 30 elkarte inguruk helegitea pausatu dute. Lehena Savoia-Garaiko prefetak agorrilaren 28an izenpetu baimena bertan behera uzteko prozedura juridikoa da. Justiziak erabakirik ez zuela hartua, halere obrak egun batzuk berantago hasidira. Conféderation Paysanne laborarien sindikatua borroka horretan lehen lerroan agertzen da, eta dio: “Segida hartu nahi duten laborari gazteentzat egoera kezkagarria da, zaila da etorkizuna planifikatzea. Eta lekuak hustu behar badituzte, nora joanen dira? Ez da hemen laborantzarako lur hein berdinik atzemanen”. Azken egun hauetan mobilizazioek segitzen dute, manifestazioak antolatuak dira eta Defendatu Beharreko Eremua (ZAD) muntatu da, aitzineko astelehenean poliziak desmuntatu duena. Kontrakoek garraio publikoen garatzea eskatzen dute, hainbat eragilek Léman Express trenbidearen garatzea aldarrikatzen dute.
Kalte-ordainak
Desjabetuentzat Amedeak ordaindu behar duen kalte-ordainaz arduratzen den epaitegiak, ez du oraindik prezioa xuxen finkatua. Informazioaren arabera, autobidearen kontzesiodunak laborantza lurra 1,70 euro metro karratuko prezioan erosten ahalko du. Laborarientzat kanporatzeko kalte-ordainaren prezioa ezin onartua da, ikusiz aktibitatearen galtze ekonomiko handia.
Savoiar laborarien egoera kinka txarrean da, aurtengo udako lehorte historikoarekin batera, autobide proiektu horrek sektorearen geroa hauskortzen du.
Zazpi urtez Amedea sozietateak 3,5 milioi euroko kalte-ordaina finantzatuko du eta Savoia-Garaiko Departamenduak 1,5 milioi euro. Laborantza Ganberaren bidez beste eremu batean plantatzeko deialdia eginen da, jakiteko dirutza hori nola laborarieri bana. Laborariak haserre dira: “Baina zein proiektu? Non instalatzeko? Zer ekoizteko? Tokiko ekoizpenak behar dira. Amedeak zazpi urtez kalte-ordainak ordainduko ditu, baina autobidearen eraikuntzak sortu galtzea bizi guzirako da!”.





