Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Urriaren 15a
Elizako organoa erakusgai, Metal Gaua gaztetxean, Plazan bazen arbola eder bat, Idorteak kaltetu etxeen zerrenda, Mutxikoak plazan, Gau Beltza prestatzen ari, Erdi Aroko Eguna, Udazkeneko oporretako jarduerak eta Yoseikan Budo kurtso berria
Elizako organoa erakusgai
Urriaren 27an, asteartez, Jondoni Bixintxo elizako organoa hurbiletik ezagutzeko parada izanen da (17:00-18:00). Hasieran elizari buruzko azalpenak emanen dituzte, eta gero organoari buruzko zehazkizunak. Horren ondotik, organoa entzuteko tenorea izanen da (19:00) eta horren ondotik elizaren aitzineko plazan euskal gidatua egiteko behar-beharrezkoa da lehenago erreserba egitea herriko Turismo Bulegoan.
Metal Gaua gaztetxean
Metal Gaua urriaren 17an, larunbatarekin, ospatuko da herriko Urgaina gaztetxean, iluntzean, arratsean hasita. Zuzeneko musika taldeak eta giro bikaina izanen dira. Aurten hiru talde indartsu arituko dira oholtza gainean: Death From Above, Bittin’Back eta Laparretan. Prezioa: borondatezkoa.
Plazan bazen arbola eder bat
Herriko plazan, Akerta-baita eta Herriko Etxearen artean, bazen arbola eder bat, gerizpe ederra ematen zuena eta denen begiak alaitzen zituena. Bazen diot, iraileko Bixintxo besten aitzineko astean, Herriko Etxeko langileek moztu baitzuten. Gaur bere tokian lore-poto handi bat eta autoak aparkatzeko bi leku daude. Ipar Euskal Herrian bada, gaur egun, izadia errespetatzearen aldeko irizpide zabala eta hedatua, baina anartean, Urruñan, liraina eta osasuntsua den zuhaitza hiltzen dute. Ikuspegi arras laburra, zinez! Erabaki itsua, ulertezina, arbuiagarria guztiz… Gizarte urbanita, ero, axolagabe eta berekoi baten seinale goibela.
Idorteak kaltetu etxeen zerrenda
Herriko Etxean 2026an izan den idortearen ondorioz kalteak jasan dituzten etxebizitzen zerrenda egiten ari dira. Hormetan arrakalak, lurraren hondoratzeak, eraikinen deformazioak edo eraikinari eragiten dion beste edozein kalte… kontuan hartzen dituzte. Errolda honi esker, Urruñako herriak aztertu ahal izanen du ea hondamendi naturalen egoeraren aitorpena eskatzeko txosten bat aurkeztea komeni den.
Mutxikoak plazan
Urriaren 18an, igandearekin, mutxikoak izanen dira herriko plazan Patxi eta Konpainia taldearekin (11:30).
Gau Beltza prestatzen ari
Gau Beltza, azken urteetan egin den bezala, urriaren 31n, larunbatez, izanen dela jakinarazi digute. Egitaraua esku artean dugularik, plazaratuko dugu.
Erdi Aroko Eguna
Urriaren 24an, larunbatez, Erdi Aroko Eguna ospatuko da Urtubiko jauregian (10:30-17:45). Beskoitzen egoitza duen elkarte bateko kideek kanpamentu militar bat berregingo dute bisitariek Erdi Aroko armaden antolaketa hurbiletik ezagutzeko parada ukan dezaten. Erdi Aroko musika, merkatu txikia, dendak, sukaldaritza eta eguneroko bizimodua erakusgai izanen dira.
Udazkeneko oporretako jarduerak
Urriaren 19tik 30erako, Herriko Etxeko kirol zerbitzuak eta Gazte Guneak hainbat jarduera proposatzen dituzte, 3 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Kirol zerbitzuak ekitaldi hauek eskaintzen ditu: baby gym, atletismoa, pilota txapelketa, orientazio lasterketa, touch errugbia. Gazte Guneak: karting-a, paintball-a, argazkilaritza ikastaroa, futbol txapelketa, Txapeldunen Ligako arratsaldea. Aipatu jardueretan izena emateko, zuzenean, Herriko Etxean, Familia Atarian egin behar da.
Yoseikan Budo kurtso berria
Urruñan, Yoseikan Budo borroka-kirola Amets Yoseika izeneko elkarteak kudatzen du, urtero kurtso berriak eskainiz. 2026-27 kurtsoa jadanik prest dute eta taldeak eta izen-emateak antolatzen ari dira. Euskaraz eta frantsesez. Informazioa elkartearen lokalean: Sokorriko Ama Birjinaren karrika, 18. Telefonoa: 07-70-28-06-21. Helbide elektronikoa: kontaktua@ametsyoseikan.eus.




