Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Urriaren 15a
Urria arrosa kolorean, Antzerkia Larrekon larunbatan, Bilkura publikoa Larrekon, Argazki erakusketa, Sartzea beltzean mediatekan eta “Côte à Côte” dokumentala, ostiralean
Urria arrosa kolorean
Sor-Egin/Berpiztu elkarteak antolatzen du “Senpere Arrosan” izenburuarekin, lehen jardunaldia bularreko minbiziaren baheketari buruzko sentsibilizazioa, igande honetan Larreko kulturgunean. Urriaren 18an egun osoan, zonbait elkarteren presentzia eta tailer batzuk aurkituko ditugu, horien artean, prebentzio eta sentsibilizazioa, ongizate eta sozio-estetika, joskintza tailerra, tatoo flash eta photobooth. Animazioetan berriz, pilate ariketak (10:00-10:30), hilabeteroko mutxikoak punpekarekin (11:00-12:30), dantza erakusketa Elirale/Pantxika Teileria konpainiarekin (13:45-14:15), Tahitiko dantzak (15:00-15:30), Tai Chi (16:00-16:30) eta flashmob ere izanen dira. Janari eta edaria lekuan bertan, harrera ezin hobea ukanen duzue. Bertzalde, ez ahantzi komertzioetan diren emaitza ontziak eta korapilo arrosak.
Antzerkia Larrekon larunbatan
“Le Songe d’une nuit d’été” izendatua den antzerkia aurkeztua izanen da urriaren 17an (20:30). Lau pertsona gazte oihan beldurgarri batean galdurik badabiltza, eta gauza miresgarriak gertatzen zaizkie. Ametsa edo errealitatea? Nehork ez daki non hasten den bat eta non bukatzen den bestea. Unibertso bitxi horretan, umorea eta poesia iluna nahasten dira. Oren bat eta laurdenen iraupena, prezioa 27€, murriztua 22€, erreserba: helloasso.com edo billetreduc.com guneetan.
Bilkura publikoa Larrekon
Canopiaren modernizatze proiektuak lurraldeko biztanle guziak hunkitzen baititu eta bururatzeko lurperatzea murriztea xedearekin, Bil ta Garbi sindikatuak aurkeztuko du berritze egitasmo hori, urriaren 19an, astelehenez (18:00-20:00). Aurkezpenaren ondotik, jendeen arteko solasaldia proposatua izanen da. Xehetasunak: biltagarbi.com gunean, bilkura segi daiteke ere zuzenean edo errepikan Bil ta Garbi youtube katean.
Argazki erakusketa
Arranoen Begia elkarteak antolatzen du ekitaldia Larreko kulturguneko sarrera gunean, urriaren 19tik 30era. Argazki tailerreko kide bakoitzak hautuzko argazki sorta bat aurkezten du baita saioetako lanari buruzko argibide-panela batzuk ere. Arratsaldetan astelehenetik larunbatera, goizetan hitzordua hartuz gero (15:00-18:30). Deneri idekia, urririk.
Sartzea beltzean mediatekan
J-Christophe Tixier idazlariak, bere azken obra “Une employée modèle” aurkeztu du publiko murritz baten aitzinean (15 bat), halere giro goxoan eta dinamika ederrean. Eleberri honek, desagertzearen gaia aztertzen baitu, publikoak ikusmin handia erakutsi du: nola posible ote da horrela desagertzea? Zorigaitzez holako kasu asko baitago gure gizartean. Bigarren liburu batean “Les faux-aimés” haurren galerak aipagai dituenak, harridura sortu du nehork ez baitzuen pentsatzen holakorik bazitekeela gaur egun.
“Côte à Côte” dokumentala, ostiralean
2025eko agorrilaren 14tik urriaren 3ra, Manuel Solék erronka kirolari eta humano aparta gainditu du: Frantzia zeharkatzea 2555 kilometrotan, Hendaia eta Zuydcoote artean, 50 egunez eta hamar kirol-diziplinetan, lurra, airea eta itsasoa uztartuz. Izugarriko abentura ekologikoa, bere ibilbide guzian mugikortasun iraunkorrak baizik ez erabiliz. LPO eta Itsasoaren Fundazioaren laguntzarekin, Manuelek kostaldearen eta itsas hegaztien babesaren inguruan sentsibilizatzen aritu da, ibilbide osoan. Larreko kulturgunean, urriaren 16an (19:00-22:00), parte hartze librean.




