Gogoa hazi | 2026ko Urriaren 15a
Magnifica humanitas (3/6)
Mikel Erramouspe
Joan den maiatzaren 25ean Leon XIV Aita Sainduak agertu zuen letra bat “gure gizakia adimen artifizialen garaian”. Harrera biziki zabala eta baikorra ukan du mundu guzian zeren gaur egungo desafio handiak aipatzen baititu nehor kondenatu gabe baina bakoitza bere arduren aitzinean emanez.
Segi dezagun guk ere letra horren irakurtzen. Oraingoan Elizaren “doktrina soziala” nondik heldu den dugu ikusiko.
Hauxe dio Leon XIV.ak: “ez da doktrina hau behin betiko izoztua. Zientziekin eta kulturekin solasean segitzen du, eta hola da beti aberasten”.
Hautuak nola egin?
Gutarik nornahik hautuak egin behar ditugu egun guziz. Izan familian, izan hautetsi edo enpresaburu, langile, erakunde kide gisa. Irizpide batzuk berme, gogoeta sakon batzu lagun egiten ditugu hautuak. Ez eta moda batzu segituz. Doktrina sozial horrek 5 oinarri proposatzen ditu:
- Ontasun komuna (bien commun). Erran nahi baita bakoitzaren interes propioak baino urrunago begiratzea eta horren alde engaiatzea. Adibidez politika baten bideratzeko izan herri, herri elkargo nazio edo mundu mailan. Gure buruzagiek hori gogoan balute ez litzatezke hainbeste gerla.
- Ontasunen balia unibertsala (destination universelle des biens). Jainkoak gure esku utzi duen lur hau baliatzeko partez bakar batzuen aberasteko, hobe genuke lan egitea lehenik nehor lehertzen edo natura xehatzen ez duen. Ez da jarduera txar hori oraingoa. Baina, gaur egun teknika hain da azkarra, munduan 5 edo 6 multinazionnalen eskutan bilduak direla mila miliarka diru. Eta guzien buruan horiek dutela gure mundua erabiltzen beren interesen alde. Bost axola jendea sufriarazirik edo gure lur hau ezin bizia izanik.
- Hau ez dakit nola erran behar den euskaraz: “subsidiarité”. Erran nahi du bakoitzari bere partearen egitea utzi behar zaiola. Etsenplu batzu hobe: adibidez nork beste batek baino hobeki daki zer egin behar den herri baten kudeatzeko lekuan berean bizi direnak baino? Horren lekuko, berriki herri elkargoaren kudeatzeko izan diren eztabaidak. Baionatik ala lekutik dira erabakiak hartu behar? Teknikoek dute manatu behar ala hautetsiek? Gauza bera enpresa edo eskola batean: nola hartzen dira erabakiak eta nork ditu obratzen? Maleruski, askotan gainetik behera heldu dira erabakiak. Gainera iduri du hola nahiago dugula. Bestek erran dezatela zer egin behar dudan! Ezen ez baita erabakien hartzea beti errex. Nik uste sail horretan Euskal Herrian badugun esperientzia on bat hobetu baizik ez dezakeguna.
- Elkarren lagun. Solidaritatez jokatu. Kasu! horrek ez du erran nahi bakoitzak berea eta besteez bost axola! Ez ditzagun nahas interes partikularrak eta denen onerako direnak. Nola ez giren denak berdin ahalez, ontasunez nonbait behar dira desberdintasun horiek doi bat baretu. Mendian bizi den norbaitek ez ditu hirian dituenaren abantailak. Baionan autobusak ugari dira. Urepelen gutxiago. TxikTxak sarea hedatuz, Herri Elkargoa entseatzen da lurralde guziak guti edo aski zerbitzatuak izan diten. Ez dira segur hautu errexak egiteko.
- Azkenik aipa dezagun justizia soziala, gaur egun zangopilatua dena. Konkretuki ahulek patitzen dituzte delako handimandiek hartu erabakiak, adibidez numeriko arloan. Nahiz aitzinamendu handiak diren ordenagailu eta horiek guziek, gutarik anitzek ezin dituzte balia. Oraingo egunean desmartxa gehienak Internetez egiterat behartuak gira. Alde batetik gure bizia errexten du baina batzuetan trabatzen. Edozein hitzordu hartzeko edo treneko txartel baten hartzeko behar da Internetez egin. Eta ez da beti errexrtye. Zenbat aldiz ez zait gertatu abandonatzea! Alta uste nuen tresna horiek aise erabiltzen nituela!
Horra beraz delako “doktrina sozial” horren esplikatzerat entseatu girela.




