Han eta Hemen | 2026ko Azaroaren 12a
Lurramak laborarien esperientziak bildu ditu Miarritzen
Irati Esparza Guimon
Joan den ostiralean, lehen bisitariak eskoletako haurrak izan dira Miarritzeko Irati erakustazokan. Batzuk abereei beha gelditu dira, bertzeak ardi gasna dastatzen, irakasleak lagun. Hala abiatu da Lurramaren 21. edizioa. Azaroaren 6tik 8ra, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborantza herrikoia hirira ekarri du berriz, aurten “Ama ura zaindu” lelopean. Gaia udako beroaldien aitzinetik hautatua zuten antolatzaileek. Udazkenerako, etxaldeetan bildu den uztak erakutsi du hautu haren zergatia.
Gilles Texier gaztaina ekoizleak, adibidez, uda honetan uzta osoa galtzeko beldurra izan du. Azkenean gaztainak bildu ahal izan ditu, baina idorteak eta beroak fruituen hazkundea trabatu dute. Kazeta hedabideari azaldu dionez, berantago ontzen diren gaztaina motak lantzea eta bilketa gibelatzea dira egokitzeko bideetako bi. Gaztainak lotura ere egin du Euskal Herriaren eta aurtengo lurralde gomitaren artean. Ardèchen, gaztainagintzak bere jatorri deitura babestua du.
Ardècheko laborariek bertze esperientzia bat ekarri dute Miarritzera. Mathilde Chopin Confédération Paysanne sindikatuko ordezkariak esplikatu du nola saiatzen diren euri ura lurrean luzazago atxikitzen. Uraren isuria motelduz, landareek hezetasuna eskura dute bi eurialdiren artean ere. Gai horren inguruan, larunbateko egitarauak Lekorneko Garroa kooperatibako Argitxu Ithourria, Ahatsako Xabi Harlouchet laboraria eta Ardècheko Régis Gonnet fruitu eta mahats ekoizlea bildu ditu mahai beraren inguruan.
Ura nola zaindu etxaldean, baina ere zer ur heltzen den etxeetako txorrotetara eta zenbat ur behar den gure janaria ekoizteko. Hiru galdera horiek zuten lotzen asteburuko hitzaldien haria. Gilles Bœuf biologo eta ozeanografoak, aurtengo edizioko ugazaitak, idekitzean oroitarazi du laborariek beren lanetik duintasunez bizi ahal izan behar dutela. Azokako merkatuan eta tailerretan, gai horiek eguneroko jakien bidez aipatzeko parada bazen, sagarra prentsatzetik arto gorria eho eta taloa egiteraino.
Mila laguntzaile inguruk egin dute azoka posible, Iñaki Berhocoirigoin Lurramako lehendakariaren arabera. Hark belaunaldien berritzea du gogoan laborantza hirian erakustearen garrantziaz mintzo delarik.






