Herriz Herri - Angelu (L) | 2026ko Azaroaren 12a
Auzoko kontseilariekin solasean, Lasterka eta oinez, hondartzen eta oihanaren artean eta FIFAVA, hogei urte film laburren alde
Irati Esparza Guimon
Auzoko kontseilariekin solasean
Azaroaren 14an, larunbatez, auzoko kontseilariak Bost Kantoinetako Leclerc jeneralaren plazan izanen dira (10:00-13:00). Herritarrek “Bus des Quartiers” autobusean aurkituko dituzte. Auzoko eguneroko biziaz solastatzeko parada izanen dute, bai eta arazoren bat seinalatzeko edo proposamen bat egiteko ere.
Lasterka eta oinez, hondartzen eta oihanaren artean
Azaroaren 15ean, igandez, “La Grande Barre” elkartasun lasterketa Barratik abiatuko da (10:00). Lasterkariek 10,5 kilometroko ibilbidea eginen dute, hondartzen eta oihanaren artean. Oinezkoentzat, berriz, 7,5 kilometroko bidea prestatu dute. Izen ematea 12 eurotan da lasterkarientzat eta 8 eurotan oinezkoentzat. Etekin guziak Minbiziaren kontrako Ligari eta Goxa Leku etxeari emanen dizkiete. Tokian berean, osasun arloko profesionalek gizonen minbizien prebentzioari buruzko galderei erantzunen diete (10:00-14:00).
FIFAVA, hogei urte film laburren alde
Angeluko film laburren nazioarteko festibalak hogeigarren edizioa ospatuko du azaroaren 18tik 22ra, Quintaou antzokian. Azaroaren 18ko eta 19ko bi gaualdi berezien ondotik, hiru egunez, bederatzi herrialdetako berrogeita hamar film labur aurkeztuko dituzte lehiaketan. Fikzioa, animazioa eta dokumentalak izanen dira ikusgai, bai eta haurrei zuzendu filmak ere. Igandean, sariak eman aitzin, haurrek ukanen dute beren emanaldia. Proiekzioak urririk dira, lekua aitzinetik erreserbaturik.





